Zorraren krisia. Analisia

Demokraziaz

jakes goikoetxea
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Papandreuk iruzur egin du. Iruzur egin die greziarrei. Iruzur egin die euroguneko agintariei. Iruzur egitea baita, orain, demokraziaren izenean, herritarrei iritzia eskatuko diela esatea. «Demokrazia merkatuen jateko gogoen gainetik dago», esan zuen, herenegun, herri galdeketa zuritzeko. Bai, erantzun dakioke Papandreuri; baina bai gaur eta baita duela hilabeteak eta urteak ere. Bitartean, ordea, Papandreuk ez du galdeketarik egin, ez erreskateen baldintzei buruz, ezta eurogunean jarraitzeari buruz ere. Eta Europak eta NDFk agindutako murrizketa gogorrak zintzo-zintzo onartu ditu, herritarrei faktura ordaindu nahi duten galdetu gabe. Praktikan, atzerrian erabakitzen dituzte Grezian indarrean jarri beharreko neurriak; bestela, merkatuak itxita, Greziak ezin du kanpoko dirurik jaso.

Euroguneko agintariei ere iruzur egin die, iragan astean gauza bat hitzartu eta bost egunera hitza jan duelako. Hitzartu bakarrik ez, akordioa txalotu ere egin zuen. Egoera arrunt batean, ez litzateke serioa. Egoera nola dagoen ikusita, oso larria da.

Berez, herri galdeketari buruzko eztabaida interesgarria da. Krisiak areagotu egin du demokraziarik gabeko demokraziaren eredua. Agerian geratu da agintari politikoak neurriak hartzen ari direla, «herritarren onerako», baina herritarrak aintzat hartu gabe —neurriak jasateko ez bada—. Zergatik galdetu herritarrei, neurrien kontra daudela jakinda eta neurriak (murrizketak, zerga igoerak, kaleratzeak, soldata jaitsierak...) «ezinbestekoak» badira?

Krisiak agerian utzi ditu Europako Batasunaren eta euroaren zimendu ahulak ere. Batuketa hutsak ez duela batasuna esan nahi, alegia. Europako Batasunak eta euroak ondo funtzionatzeko herrialdeek beren burujabetzaren zati bat eman behar diote. Erakunde eraginkorrak sortubehar dira. Bestela, 27 herrialde, 27 errealitate, 27 interes, bideraezinak dira. Baina herrialdeek noraino utzi behar dituzte erabakiak Europaren esku? Komeni zaienean bai? Komeni zaienean ez?

Greziarrek —eta gainerako herritarrek— eskubidea dute beren etorkizunaz erabakitzeko. Eurogunean jarraitu nahi duten edo ez esateko (baita kasu honetan galdeketa Papandreuren interesek bultzatu badute ere). Murrizketak onartzeko prest dauden edo ez esateko. Beti ere, jakina, erabakiaren ondorioak, onak eta txarrak, beren gain hartuta.

Greziarrek etorkizun beltza dute, erreskatearekin eta erreskaterik gabe. Erreskatearekin, hartzekodun pribatuek zorraren erdia barkatuta, prebisio onenak dio Greziaren zor publikoa BPGaren %120koa izango dela 2020an. Orain, lehen erreskatea ia amaituta, zorra pilatzen, atzeraldia sakontzen eta langabeen zerrenda luzatzen ari da. Eta herritarren haserrea handitzen. Zer pentsatu behar baitute greziarrek, hilabeteetan agindutako botika gogo txarrez hartu eta egoera hobetzen ez dela ikusita? Itota edo itotzear daude, gerrikoa behin eta berriro estutzearen poderioz. Gainera, badakite orain arteko neurri guztiak ez direla Greziako ekonomia suspertzeko, finantza sistemaren gainbehera saihesteko baizik.

Herri galdeketaren aurretik, bihar, Papandreuk konfiantza mozioa gainditu behar du Parlamentuan. Gainditzen ez badu, hauteskundeetara deitu beharko du. Greziarrek ez dute alternatibarik izango, herrialdea krisira eraman dutenen artean hautatu beharko baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.