Analisia

Denbora irabazi nahi du EBZk

joxerra senar
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ekaitz honen erdian, nork ez luke hartuko hiru urterako mailegua %1eko interes tasarekin? Ezein herritarrek, ezein enpresak, ezein gobernuk ez du horrelako pagotxarik.

EBZk dio 489.191 milioi euro horien helburua norbanakoei zein enpresei kredituak ematea dela. Arrazoi bera eman zuen 2009an bankuei 440.000 milioi euro %1eko interes tasarekin urtebetera mailegatu zienean. Haatik, banku askok negozioa egiteko aukera baliatu eta %1erako mailegua garai hartan inbertsio ziurtzat jotzen ziren herrialdeetako zor publikoa erosteko baliatu zuten. Bi urteren ondoren, badakigu euroguneko herrialde horietako batzuen zorraren interes tasak noraino igo diren. Hartara, susma daiteke EBZri urtebeteko mailegua itzuli ostean zenbaterainoko marjina irabazi zuten.

Gainera, urtebeterako izan ordez, hiru urterako da azken mailegua. Mario Draghi EBZko presidenteak dio espero duela diru hori oraingoan jarduera ekonomikoa finantzatzeko baliatuko dutela bankuek. Usteak erdia ustel. Bi urteotako esperientziak erakusten du behartu ezean eta zaintza berezirik egin ezean finantza erakundeek nahi dutena egiteko baliatuko dutela dirua.

Zergatik ez die EBZk zuzenean finantzatzen zorra estatuei? Egia da iazko maiatzetik 211.000 milioi euroko zorra erosi duela EBZk bigarren mailako zor merkatuetan, baina bidezkoago litzateke zuzenean herrialdeei erosiko balie zor hori. Alemanian, inflazioaren beldur, neurri hori begi txarrez ikusten da, baina teoria ekonomikoak dio gehiegizko likideziak ere inflazioa susper dezakeela. Atzeraldiaren mamua Europaren gain den honetan, inflazioa ez da mehatxua, atzoko neurriak erakusten duen legez.

Arrisku moralarena da beste kontraesan bat. Finantzak gaizki kudeatu dituzten gobernuei erreforma gogorrak inposatzen zaizkie; aldiz, finantzak gaizki kudeatu dituzten bankuei abantaila guztiak eskaintzen zaizkie, eta inondik ere ez zaie neurri bereko erreformarik inposatzen.

Bankuek dirua zorra erosteko erabiltzen badute, gutxienez (logika zitala bada ere) eskaria handituko da eta interes tasak apalduko dira. Abenduaren 9an Bruselan hitzartutako bide orrian aurrera egiteko, denbora irabaziko dute euroguneko gobernuek eta bankuek. Zenbat, ordea: hilabete bat, bi, lau, sei...? Egunak?

Erreserba Federalak ere bere likidezia neurriak ezarrita dauzka aspalditik, baina euroaren krisiaz mesfidati, azken hilabeteetan hango banku eta funtsak Europakoei gero eta diru gutxiago mailegatzen hasi dira, eta finantzatzeko behar horri erantzutera dator EBZ. Likidezia arazoen sakonean, ordea, bideragarritasuna kolokan duten erakundeak daude, Europan zein AEBetan. Horiek dira mehatxu handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.