Zorraren krisia. Italia. Analisia

Euskaraz, xantaia deitzen zaio

joxerra senar
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Baina zer erru dute finantza merkatuek baldin eta Italiako Gobernuko presidentea ergel bat bada?». Nouriel Roubini ekonomistak arrazoi du, etsigarria baita Berlusconiren moduko politikari bat Europako herrialde nagusi baten agintari izatea. Baina atzo gertatukoaren irakurketa ezin da mugatu Berlusconiren arduragabekeriara.

Italia amildegiaren ertzean jarri zen atzo, baina nork bultzatu zuen haraino: Berlusconik ala finantza merkatuen hariak mugitzen dituztenek? Londresko City-n egoitza duen LCH.Clearnet konpentsazio ganberak atzo ebatzi zuen hemendik aurrera Italiaren zorra erosi nahi duenak berme handiagoa aurkeztu beharko duela. LHC.Clearnetek, epaile gisa, ebatzi zuen Italiaren zorraren gaineko arriskua handitu egin dela, eta haren erabakiak kaosa eragin du zor merkatuetan. Aurreikuspenak bete egiten dira, baldin eta aurreikusitakoa bilatzen bada.

Konpentsazio ganbera batekaktiboen salerosketetan eroslearen eta saltzailearen arteko bitartekaritza egiten du, eta arriskuaren gaineko baldintzak ezartzen ditu. LHC.Clearnetek bonuak ez ezik lehengaiak, deribatuak eta zorraren gaineko Credit Default Swap-ak kontrolatzen ditu, eta haren administrazio kontseiluan munduko banku nagusienak daude: Goldman Sachs, JPMorgan, Morgan Stanley, UBS, ABN Amro, Deutsche Bank, Citigroup... Hau da, krisi honen epizentroan egon diren bankuak.

Zor publikoaren krisiak xake taula handiago baten antza du. Irailean, Timothy Geithner AEBetako Altxor idazkari eta Wall Streeten eledun ofizialak Europari exijitu zion bankuak berkapitalizatzeko egungo 200.000 milioi euroko EFSF funtsa bi bilioiraino igo behar zuela. Eskakizunaren atzean hau dago: Europako iparraldeko zergadunek Greziaren kiebra pagatzea, eta Wall Streetek Europako bankuei Greziaren aurkako apustua kobratzea.

Bere planaren bitartez, euroguneak iskin egitea lortu du, eta, orain, Grezia txikiegia denez, Italia eraman nahi dute zulora. Italiak 1,9 bilioi euroko zorra du, hain justu AEBek exijitutako dirua. Italia erortzen utzia izateko handiegia denez, AEBek baldintzak ezarri nahi dizkiote euroguneari zergadunek ordain dezaten. Euskaraz, xantaia deitzen zaio. Roubini parafraseatuz, zer erru dugu europarrok finantza merkatuak Wall Streetek eta Cityk kontrolatzen badituzte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.