Bigarren urtea dute Europako finantza erakundeen estres azterketek. Iazkoak jasotako kritiken ostean, aurten azterketa gogortzea erabaki du Europako Banku Agintaritzak. Iazkoaren zuloak erakusteko datu bakarra nahikoa da: azterketak gainditu eta lau hilera, Allied Irish Bank eta Bank of Ireland salbatu behar izan zituen Dublingo gobernuak. Sinesgarritasun galera ikaragarria izan zen hori Europako bankuen egoerari buruzko konfiantza eman nahi zuen azterketa batentzat.
Aurtengoak ere hainbat kritika jaso ditu, eta horrekbere sinesgarritasunari ez dio mesederik egingo. Zenbateraino aurrerago ikusi beharko da, azterketek eragindako mugimenduak amaitzen direnean. Bost herrialde kexatu dira EBAk aukeratutako irizpideek beren bankuei espreski kalte egiten zietelako; batek, Alemaniak, kutxa bat kendu du aztertuen zerrendatik, protesta gisa. Gure kasuan, kalte egin duten bi erabaki badira gutxienez. Batetik, EBAk ez ditu kapital gisa hartu Espainiako Bankuaren aginduz erreserba antiziklikoetara bideratzen duten dirua —bigarren sailkapen batean kontuan hartu ditu—. Bestetik, Espainiako ekonomiaren erorketa handia aurreikusi du, eta ez dirudi gurean egoera hain txarra izango denik; kaltea, beraz, merkatua nagusiki hemen duten kutxen kasuan.
Baina bada gehienei eragiten dien beste huts bat: zor publikoak eragin zezakeen galeraren muga jada gainditu dute Grezia, Portugal eta Irlandaren bonoek. Eta berregituraketa ez da hasi...
Finantzak. Azterketa banku eta aurrezki kutxei. Analisia
Ideia ez da txarra baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu