Gertaerak uste baino azkarrago doaz. Urtarrilean oso zaila zirudien Nafarroako Gobernuaren haustura, baina PPk ezarritako neurriek eta UPNren jarrerak deserosotasun politiko handia eragin diote PSNri. Hala islatu zen apirilaren 22ko biltzarrean. PSNren zuzendaritzak ordura arte ezarritako ildo ofizialari zuzenketa esanguratsuak egin zitzaizkion txosten politikoan. Agiri hori maiatz hasieran zen kaleratzekoa, baina herenegun jarri zen Interneten, atzo PSNk agerraldia egin bezperan. Nafarroako komunikabideentzat oharkabean igaro da txosten hori kaleratu izana, baina kritika zorrotza egiten zaio UPNri. Gobernu barruan UPNk «metodologiarik gabe» eta «inprobisazioz» jokatzen duela esaten da. Atzo, Juan Jose Lizarbek erabili zuen hizkuntza bera. Horregatik, ez da kasualitatearen ondorioa PSNren atzoko urratsa.
Orain hautatu dute unea UPNrengandik urruntzeko. Beste 132 milioi euro murriztea adostasunik gabeko UPNren «erabaki aldebakarrekoa» dela argudiatu du Lizarbek, gobernu akordioaren edukia hautsi egin dela aipatu du, eta gobernua krisian sartu dela esan. UPNri igorritako mezua oso argia izan da: UPNk atzera egin ezean, gobernua utziko duela iradoki du. Ahuldade politikoa adierazi ezean, UPNk ez du atzera egingo eta PSNk sinesgarritasuna lur azpian geratzea nahi ez badu, gobernu haustura etorriko da. Eszenifikazio horrek asteak edo hilabeteak iraungo ditu, gorabeherak egongo dira, baina saihestezina dirudi.
Irailean 300 milioiko murrizketa onartu zuen PSNk eta duela bi aste 52 milioikoa. Zergatik orain? Murrizketek eta mobilizazio sozialek higadura handia eragin dietelako, alderdi barruko desadostasuna handitzen ari delako eta, ziurrenik, PSOEk jada begi txarrez ikusten duelako. UPN lasta bat da arlo ekonomikoan zein politikoan. Bere txostenean, garai politiko berria aitortu eta Nafarroako erdigune politiko bihutzeko norabide aldaketa diseinatu du PSNk. Horregatik, biharko mapa politikorako lehen urratsa da atzokoa. UPN-PSN binomioa oraindik indarrean dago, baina jada iragana da.
Analisia
Iraganeko bikotea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu