Nola ez, arrakastatsutzat jo dute burtsaratzea Banca Civicaren arduradunek. Egia da akzio guztiak saltzea lortu dutela. Ez da gutxi. Bankiarekin gertatu ez den bezala, gainera, atzerriko inbertitzaileek 100 milioi euro inguru inbertitu dute.
Horrek arrakasta adieraztetik oso urrun dago, ordea. Besterik gabe, erabateko porrota saihestea lortu dute. Ez baita gauza bera prezio batean edo bestean ateratea burtsara. Udako merkealdian biltegietan geratzen zaizkien azken arropez desegiteko saltoki askok egin ohi dituzten merkatzeen pareko prezio beherakada egin du Banca Civicak; izan ere, hasierako prezioa —akzio bat 2,7 euroren truke— kontu liburuetan kapitalari ematen zaion balioa baino %73 merkeago da, baldin eta salgai jarritako akzioak kontuan hartzen ez badira.
Tamaina horretako prezio jaitsiera ezin zaio soilik egotzi merkatuen egungo giro gorabeheratsuari. Are gehiago aintzat hartuz gero, bi urteotan Nafarroako Kutxak, CajaCanariasek, Cajasolek eta Caja Burgosek osatutako bankuak etengabeko balio galera izan duela. Egin kontu: duela bi urte lau kutxek 5.000 milioi euro pareko kapitala zuela aitortzen zuten; orain, 2.700 milioi euro dituzte, eta, hala eta guztiz ere, burtsak kapital horri 750 milioi euro eskaseko balioa eman dio. Merkatuen ikuspuntutik, Nafarroako Kutxak duela bi urte balio zuena baino gutxiago balio du handiagoa den bankuak. Horregatik, propagandak ezin du ezkutatu zifren errealitate gordina.
Zifretatik harago, orain bi urte, Nafarroan erabakiak hartzen ziren kutxa bat zen; gaur egun, %16ko partaidetza baino ez du, eta erabakiak lauren artean hartzen ditu. Hori onetsi dute UPNk eta PSNk. Banku horrek, gainera, higiezin sektorearekin lotutako arrisku handiak ditu, eta burtsaratzeak berak arrisku horri aurre egitekokapital beharrari erantzuten dio.
Orain, gainera, banku horren %44 esku pribatuetan egongo da, eta ikusteko dago epe ertainera zer ondorio dituen horrek administrazio kontseiluan. Baina, lasai, hemen ez da ezer gertatu. Arrakasta izan dela, aizue.
Analisia
Udako merkealdiaren azken hondarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu