Aldaketa garaiak bizitzen ari gara, baina eraldaketa garaiak bizitzera goazela dirudi. Erreformak, murrizketak, errepresioaren areagotzea... sintoma horiek guztiek adierazten digute eraldaketa baten atarian egon gaitezkeela. Eraldaketa nahi ez dutenek beldurra zabaltzeko ahalegina egingo dute, blokeatzailea delako. Teknologien erabilera inteligente bat egitea beharrezkoa da, ez beti bezala, informazioaren alorrean, baizik eta beste alor guztietan ere. Teknopolitikak garrantzia izango du, hacktibismoarekin batera.
Azken asteetan, Ertzaintzaren kargetan Xuban Nafarrate larri zauritu eta Iñigo Cabacas hil egin dute. Bi kasuetan bertsio ofizialaren sinesgarritasuna zalantzan jarri dute sareek. Blogetan eta Twitterren #animoxuban eta #inigocabacas traolak zabaldu dira. Baina bertsio ofizialak sinesgarritasuna ez bazuen ere, hedabideek zabaltzen jarraitu dute, mundu berekoak baitira, mundu zaharraren egiturak alboratzea zein zaila den frogatuz.
Errepresioaren mailan, tarta batek 10 urteko zigorra ekarriko du, erresistentzia pasiboak kartzela mereziko du, edota edozein erresistentzia aktibok terrorismoaren mailako zigorra. Baina informazioa komunikatze hutsak ere erakunde kriminalean integrazioa ekar dezake. Horrek Interneteko komunikazioak jomugan jartzen ditu. Ez hori bakarrik, deialdi bat zabaltzeagatik, edo horren aitzakian, jendea atxilotzeko aukera zabaltzen dute.
Integrazioa? Zertan integrazioa? Komunikazio edo deialdi baten berri emateak automatikoki egituratuta dagoen erakunde kriminal baten parte egiten zaituela suposatzen du legedi honek. Baina sarean lotura arinak eta sendoak daude, sareetan egituratzen gara, edo interesatzen zaizkigun informazioak trukatzen ditugu. Sareak berezko dituen antolaketa eta informazio trukea saihestu nahi dituzte.
Ziur nago ez dutela guztiz lortuko, baina nahikoa dute komunikazio tresnetan informazioaren agenda baldintzatzeko gaitasuna murrizteraino erasotzea. Blogetan eta sare sozialetan gure izen-abizenekin idazteko beldurra izatea lortu nahi dute. Jende berriak aktibismoaren bidea ez hartzea lortu nahi dute. Gure ezizen zaharren atzean bada ere, aurrean izango gaituzte.
Komunikazioa. Irlen sarea
Teknopolitika garaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu