Zinema. Fantasien gatibu
Anaitasunaren aldarria
Iñaki Lazkano Arrillagak Bigarren aukeraren auzia eta itxaropenaren izaera etikoa Krzysztof Kieslowskiren azken garaiko zineman doktore tesia idatzi du. Kieslowskiren azken filmak poloniar sasoiko zinemaren bilakaera luzearen ondorio direla frogatzea izan du helburu; La double vie de Véronique eta Trois Couleurs bilakaera horren gailurra dira. Haren zinemaren gako nagusiak identifikatzeaz gain (bigarren aukera, etika, halabeharra, itxaropena), horiek guztiak lotzen dituen logika berezia deskodetzen saiatu da. Obra gehienetan halabeharraren garrantzia azpimarratu izan dute adituek, baina, Lazkanoren ustez, aspektu batek baino gehiagok osatzen du poloniarraren zinemaren funtsa. Alde horretatik, errepikapena eta bigarren aukera halabeharra bezain garrantzitsuak izan daitezke. Horiek guztiak nola lotzen dituen aztertu nahi izan du lan honen bitartez. Elizaren agindu moralak zein ilustrazioaren balioak ez dira baliagarriak gizakiaren etika arautzeko, eta arauok norberaren barne munduarekin talka egiten dute ezinbestean. Kontraesan horiek guztiek sortzen duten ezinegonaz mintzatuko zaigu poloniarra. Hasieran, Polonia komunistan islatuta agertzen ez zen mundua bere gordintasunean filmatu zuen. Dokumentalei dagokienez, pertsonaia anonimoen bizitzetan sakondu ahala euren intimitatearekin tupust egingo du, eta fikzioaren bideari ekingo dio orduan. Horrela, bere protagonisten bizitzan nahi adina arakatu eta sakondu dezake. Gainera, zentsurarekin arazoak izan zituen; hortaz, testuinguru soziala alde batera utzi eta giza arima ardatz hartuko du aurrerantzean. Pertsonaien barne mundua arakatzea izango du jomuga bakartzat. Poloniako zinemaren sasoian bigarren aukera antzua gertatu ohi zen, baina aipatutako azken film horietan bigarren aukerak erredimitzeko balio dezake. Azken garaiko zineman itxaropenari tokia egingo dio. Kristautasunak eta ilustrazioak porrot egin arren, bada itxaropenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu