Idurre Alonsok zuzen zioen moduan, gerran hobiratzen den lehen gauza egia da. Nolabait, egia hori lur azalera itzultzearren behar izan ditu historikoki literaturak idazle konprometituak. Konpromisoak eskatzen du ezezaguna dena, isilarazita dagoena esatea, sekretupeko kontuak aireratzea, ahotsik ez duen guztiak ahotsa izan dezan. Gutxi dira literaturaren historian zeregin horri lotu zaizkion idazleak, eta ez da harritzekoa, botereak aski ongi jakin baitu idazleekiko harremana behar bezala kudeatzen. Idazleak erosten alegia. Edo idazleak akabatzen, Garcia Lorca edota Lauaxetarekin egin zuten bezala. Edo erosi edo hil.
Bitxia da idazle engage-aren figura hau. Zaila da obra eta jarrera pertsonalak bereiztea. Idazleak bi zentzutan lagundu dezake, idazten, hau da, egiak (botereak bahitutakoak) hilobietatik plazara ekartzen, edo kausa baten alde aurpegia ematen. Walter Benjaminen heroikotasuna datorkit gogora, nola eman zuen bizitza gerran, edota Joseba Sarrionandiarena, zeinaren bizitza soberan den ezaguna. Niretzat ereduak dira biak. Bereziki Sarrionandia, egia aitor dezadan, geure historia ezagun dadin egin duen ahalegin monumentalagatik. Sarrionandia irakurrita, behin eta berriz aurkituko dugu borrokaraeroritako euskaldun gerlari bokazio gabearen paradoxaren mina, borrokalari zalantzatiaren nahigabea, odolaren deskubrimendu terriblea, edota bere herriarekiko nostalgia. Sarrionandia irakurrita, nire burua irakurtzen dut, eta bereziki boterearekiko obsesioan, boterea biluzteko tema nekaezinean. Zer esaten dute espainiarrek gutaz? Nola lotzen da esaten duten hori garai batean beste koloniei buruz esaten zutenarekin? «Salvajes sin romanizar», eta abar. Nola saiatzen dira gu nahasten, gu zatitzen, gu are eta menpekoago bilakatzen?, Hori dena argitzea da idazle konprometituaren erronka.
Ez, idazle konprometituaren figura ez da oso maiztua geurean. Egiten ditugu plantak, baina arriskutsuegia da. Beti izan da. Espainiarrak ez dira edonor. Rafael Albertiri izena kendu berri diote liburutegi batetik, pentsa, atzoko kontua da. Zergatik egiten dute hori? Istripu garrantzi gabeko bat ote da? Ez horixe. Hemen, Nikaraguan edo Kuban ez bezala, herriak galdu egin zuen. Galtzaileak gara, gu guztiok, boterea zuritzen tematzen direnak barne. Franco ohean hil zen, askotan esan dugun bezala. Eta detaile horrek, detaile txiki horrek azaltzen du hemengo idazleen tradizio koldarraren logika. Trantsizio bat eman zen, iruzur bat, pantomina bat, eta akabo. Berdinek jarraitu zuten agintean, zaldi gainean polizia berberak, eta, soberan da esatea, Espainiako Armada guztion batasunaren zaindari (egunotan Elgetan ibili diren horiexek).
Zer gertatu zen trantsizioan? Imajina ditzagun botere faktikoak, trikornioak, korbatak eta sotanak, denak palaziotan gora eta behera. Konspirazio hutsa. Saltsa hartan izan zen euskal politikaririk, galde egin geniezaiekeen hartaz idazteko, hura salatzeko, baina ez dugu egin. Ez ote dugu interesik izan? Ez da, ez, interes kontua: ausardia kontua da. Hatza zauriraino sartzeko nagikeria betierekoa, Francoren garaian hain ongi ikasi genuena.
50 urteren ostean, lortu dute, azkenik, ETA garaitzea. Euskal intelektual zenbaitek goratu dute garaipena, espaniarrena ez, guztiona balitz bezala. Ez diezadatela niri zaku horretan sartu, arren. Ez dut egon nahi. Eta testuinguru honetan, noski, euskal literaturan, garaipen loriatsu horri letrak jarri nahi lizkiokeen idazle konprometiturik bada. Cassinello general frankistaren ZEN planaren aplikazio poetikoa, nahi baduzue. Bertso bat okupatzaileari. Manzanas hitzarekin errima egiten duten hitzen zerrenda pasako dizuet: Arnas, jolas, erraz... Euskal literatura espainiar inperialisten konpartsa bilakatuta. Barka iezadazue horretan parte hartu nahi ez badut.
Literatura. Hirudia
Arnas, jolas, erraz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu