Ismael Manterola
Artea. Begiz

'Art War'

2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Izen horrekin aurkeztu zuen BERRIAko kultura atalak egitasmo harrigarria. Prentsako berriaren arabera, Napoli hiritik hurbil dagoen Casoria izeneko arte garaikideko museoko zuzendariak margolan bat erretzea erabaki du, astean hirutan.

Ez dago konforme Italiako Kultur Ministerioak egindako diru mozketekin, eta artelanak lehenbailehen desagerraraztea onena izango dela pentsatu omen du.

Dirurik ez omen dago kulturarentzat; beraz, ondarea gordetzeko ere ez da egongo. Etorkizun iluna iragartzen da ondarearentzat, eta, horregatik, heriotza duina eskatu du Casoria museoan gordetzen diren artelanentzat. Pixkanaka gure ondarea nola hondatzen den ikustea baino osasungarriago izango delakoan suaren indar garbitzaile eta berritzailea.

Azken urteak artelanak zaharberritzen pasatu ondoren, suntsiketaren ordua iritsi da. Artea zaintzea garestia da, artea gizarteratzea garestia da, artea heziketan txertatzea garestia da; erre dezagun guztia bakea emateko. Aspaldi esan zuten futuristek museo denak erre behar zirela, ez genien kasurik egin, eta orain izugarrizko zama dira gure gobernuen patrikentzat. Gainera, Futurista beraien lanak ere gehitu dizkiogu zaintzeko obsesio horri; beraz, arazoa areagotu besterik ez dugu egin azken urteetan.

Hala ere, protesta eraginkorra ote den ez daukat argi. Egitasmoaren bidez, komunikabideen arreta erakar daiteke, baina gobernuaren lasaitasun ederra ere lortuko dugu, artelan gutxiago izango dituztelako zaintzeko. Gainera, ez dakit izenburua askorik gustatzen zaidan. Ez dakit benetako Art War (artearen gerra) edo artearen autoinmolazioa den, zeini egiten zaio gerra artelanak suntsituta? Zein da etsaia? Gerrak etsaia behar du, haren kontra erasotzeko, mina egiteko, baina artelanak erretzearen erabakiarekin ez dut minaren helburua ikusten.

BERRIAk argazki eta guzti azaldu zuen egitasmoa, seriotasunaren froga gisa: zuzendaria behar duen gizona erretzen ari den koadroari begira, museoko kartelaren azpian. Negarrik ez, ekintza aseptiko xamarra dirudi, giza duintasuna mantentzea bilatzen duten suizidioen antzekoa.

Ez dakiguna da su hartu duena benetako koadroa den edo ekintzarako prestatutako erreprodukzioa. Testuak ez du argitzen, eta argazkiak ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.