Arte Bizia aldarrikatu zuen asteazkeneko prentsaurrekoan antzerkiaren inguruko plataforma batek. Udalen aurrekontuen % 0,7 ikuskizunetara bideratzeko eskatu zuten ia etsita.
Urtetan krisian bizi ondoren, krisi garaietan desagertzea besterik ez du arteen munduak. Eskubide sozialak murrizteko ditxosozko krisia erabiltzen ari diren modu berean erabiltzen dute kultura itotzeko. «Ez dago dirurik premiazkoak ez diren gauzetarako»; administrazio gunetik zabaltzen ari diren mezua. Guk sinetsi, eta geure buruari dirurik ez dagoela esaten diogu kultur basamortua bilakatzen ari den giroan.
Horri aurre egiteko, antzerki mundukoek Arte Bizia plataforma osatu dute. Kulturako beste esparrutan noiz arte izango ditugu antolatzeko zailtasunak? Politikariei zer den beharrezkoa eta zer ez den beharrezkoa esateko taldeak osatzea ezinbestekoa da; ez gara ari luxuei buruz hitz egiten, gizartearen ezagupena eta gizakiaren garapena eskaintzen duen kulturari buruz hitz egiten ari gara. Desagertzen bada, diruan edo diru ezean oinarritutako gizarte eta gizaki pobretuak izango gara; edo ardi taldeak esan beharko genuke.
Aberastasuna sortzen ari den bitartean, eta badirudi krisiari zukua ateratzeko gaitasuna duen norbait badagoela, daukagun apurra zertan gastatu erabaki beharko genuke. Badakit zaila dela etxetik bidali behar duten norbaiti antzerkigintzan, artean edo musikan dirua gastatu behar dela esatea, baina gutxik jarriko luke zalantzan aurrerantzean ere zientzia ikerketan dirua inbertitu behar dugula. Gastuaren eta inbertsioaren arteko aldea hitz gakoa bihurtu da krisi garaietan.
Non dago aurreko 20-30 urteetan norbaitek irabazitako diru mordo hura? Desagertu egin al da edo Suitzako estoldetan gordeta dago?
Egoeraren gordintasunak arterik gabeko mundua imajinatzera eraman gaitu, eta, niretzat ezinezkoa bada ere, gizakiak bere buruaz beste egitera bideratuko lukeelako, arduradun politiko batzuen buruan dagoeneko zabaldutako agertokia da.
Artea. Begiz
Arte bizia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu