Azkar ahaztu zaigu denok Charlie Hebdo ginela. Arlo guztietan, gainera: artean, komunikabidetan, eskoletan, parlamentuetan, epaitegietan; adierazpen askatasuna hain harro aldarrikatu zuten Europako lurralde guztietan zentsura lasai asko erabiltzera bueltatu gara, erabiltzeari inoiz utzi bagenion behintzat.
Oraingo honetan harrituta laga nau Bartzelonako Macba museoan gertatutakoak; ez hainbeste hiri irekia izatearen sona duen Bartzelona delako, baizik eta urteetan egitarau zabaleko eta aurrerakoiko museoan izan delako.
Baina toki guztietan txakurrak hanka hutsik, eta Bartzelonako Macban ere arazoak izan dituzte artelan bat erakusteko. Ines Doujakek eta John Barkerrek sinatutako Not dressed for conquering izeneko eskulturak Alemania sinbolizatzen duen otso bat, Boliviako Domitila Barrios feminista eta sindikatu buruzagi izandakoa, eta Espainiako Juan Carlos I erregea elkarren arteko sexu estalketan irudikatzen dituenez, ez zaio zuzena iruditu zuzendariari erakusgai jartzea.
Ez dago garbi Macbako zuzendariak erabakia bere kasa hartu zuen, edo museoko babesleentzat inaugurazio aurretik antolatutako bisitaldi batean norbaiti gustatu ez zitzaiolako kexuaren ondoren hartu zuen. Zuzendaria beldurtu zela argi dago; artelana erakusketatik zentsuratzeko aginduak behintzat hala adierazten du, harrigarria baita Macba bezalako museo batek erabaki hori hartzea. Baina erakusketa ixteko erabakia museoko babesleen mehatxuari erantzuteko hartu bazuen, askoz ere gogorragoa dela iruditzen zait. Balizko gertaera horrek zuzendariaren erabakiak baino gehiago beldurtzen nau, gaur egungo museoak zeinen esku dauden jakinda. Adibidez, har dezagun Bilboko Guggenheim museoko babesleen zerrenda, babesle estrategikoekin hasita (nahiz eta ez dakidan oso ondo zer den hori): BBKren presidentea, Fundacion Iberdrolaren presidentea, Fundacion BBVAren zuzendari nagusia eta Arcelor Mittalen Management Boardeko kide bat. Babesle orokorrak: Bilboko alkatea, Fundacion Vizcaina Aguirre, Diario El Correo SAUren presidentea, Industria Turbo Propulsores S.A.-ren presidentea, Iberia Lineas Aereas España SAren presidentea, Euskaltel SAren presidentea, Fundacion Vodafone Españaren presidentea, Petroleos del Norte SAren presidentea... horrela, 21 presidente eta zuzendari osatu arte.
Orokorrean babesleek ez dute eragozpenik jartzen museotako egitarauen aurrean, erakusketak oso kritikoak izaten ez direlako eta, izanda ere, ez dutelako min egiteko gaitasun handirik. Baina, zer gertatuko litzateke egunen batean norbaitek konpainia horiekin kritikoa den erakusketa bat jarriko balu eta babesleak diru laguntza kentzeko mehatxua egingo balu?
BEGIZ
Artearen babesleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu