Kopla operazioa deitu zion Xabier Etxanizek aurreko asteko ostegunean Espainiako kantari ospetsu batek telebista kate baterako Bilbon grabatu behar duen kontzertuari. Etxanizen arabera, Espainiako Barne Ministerioko bi funtzionariori grabatutako telefono elkarrizketatik aldaketa ondorioztatzen da espainiarrek Euskal Herria atxikitzeko estrategian. Guardia Zibilaren ordez (edo osagarri moduan), Espainiako goi mailako kultur ikurrak Euskal Herrira ekartzea litzateke helburua.
Horretarako, Barne Ministeriokoek Kultura Ministeriokoen laguntza eskatu omen dute, bi ministerioko funtzionarioei egindako legez kanpoko telefono entzuketan grabatuta geratu denaren arabera.
Hala ere, Kultura Ministerioko propaganda zerbitzuek Barne Ministeriokoei emandako erantzunak gogorarazi die aspalditik dabiltzala lan horietan eta ea ez ziren gogoratzen elkarlanean jardun zuten garaia.
Horrela, Kulturakoek egindako azken operazioaren berri eman diete beste ministeriokoei. Horren bidez, helburua Bilboko Museoan artista espainiarren presentzia indartzea da (gizonezkoak ahal izanez gero) eta erakusketak ahalik eta oihartzun handiena izateaz gainera, bildumarako zerbait erosten badiote hobeto.
Artista espainiarrak komunikabideak erakarri ditu. Madrilgo bista ahaztezinek Euskal Herriko egunkari eta telebista guztien lehen orriak bete dituzte. Errepikapenen bidez, Madrilgo Gran Via Bilbokoa baino ezagunagoa egitea da helburua. Komunikabideetan egindako propagandak jendea erakarriko du eta Museoan ilarak egingo dira, jaiegunetan. Guztiek ikusi nahi dute artista espainiar berezia, film bat egiteko erabili zuten gizon obsesiboaren lan zehatz eta perfekzio zalea.
Erakusketan hogei aldiz Tomelloso eta berrogei aldiz Madril jarri beharko du, berdin du zer azaltzen den edo zein kalitatezko maila duten erakutsitako koadroek. Zirriborroak ere onartzen dira; estaliko ditugu gero diskurtso kontzeptual baten bidez (artista modernoaren ezintasuna artelanei bukaera emateko, adibidez). Erakutsi ditzagun azken garaian pintatu (edo erdi pintatu) dituen lore sortak, beti dira ikuslearen gustukoak. Jarri ditzagun brontzezko eskultura esanahi gabeak, edo askoz ere hobeto, atera ditzagun kalera, erraldoi bihurtutako umeen buruhandiak. Horietako bat Bilboko Gran Vian jarriko dugu jende guztiak Madrilgo Gran Via pintatzen tematu den artistaren izena ikas dezan.
Funtzionarioen arabera, etortzear dagoenaren lagin txikia besterik ez omen da.
Artea. Begiz
Artista espainiarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu