Ez dut oraindik Bilboko Museoko erakusketarik ikusi, baina Fernando Botero pintoreak aurkezpenean esandakoek haserretu naute.
Ez omen da bidezkoa «arte berriek» pintura ordezkatu nahi izatea. Itxuraz, bideoa eta instalazioa dira Boterorentzat «arte berriak», nahiz eta bideoak eta instalazioak erabiltzen lehen artistak XX. mendeko 60ko hamarkadan lanean hasitakoak izan. Botero eta Nam June Paik, bideoa erabiltzen lehenetariko artista, urte berean jaio ziren; eta Robert Rauschenberg, instalaziorantz jo zuen lehenetariko artista, zazpi urte lehenago jaio zen.
Bestalde, zergatik esaten du Boterok bideoa eta instalazioa pintura ordezkatzera datozela? Ez al dago tokirik artistak nahi duen baliabidea erabiltzeko? Baliabideen kontu hau ez al da beste garai bateko eztabaida? Zer da eztabaida horrek gaur egungo arteari ekartzen diona?
Kontzeptualari buruz esaten duena ere ez da alde batera lagatzekoa. Boteroren arabera, gaur egungo arteari kontzeptuala deitzen diote, nahiz eta, haren iritziz, kontzeptuala berria ez izan, arte guztia kontzeptuala delako. Edo Boterok ez daki zer gertatu den azken 50 urteetan artean, edo egiten duenaren gaineko zalantza handia dauka. Kontzeptuari artearen alderdi formalei baino garrantzi handiago eman zion 60ko hamarkadako joera batek, eta horrek jarraipena eta eragin handia izan du garai hartatik aurrera egin den artean. Ukatzea inpresionismoa baztertzearen adinakoa izango litzatekeela iruditzen zait.
Alferrik da azken 50 urteetan artean gertatu dena azaltzen ahaleginak egitea dibulgazio lanaren bidez, gero artista famadun bati hedabideek eskaintzen dioten tartean dena pikutara bidaltzen badu. Pentsatzekoa da ikus-entzuleek horrelako deklarazioak irakurri edo entzuten dituztenean betiko topikoak berresten direla. «Artista handi batek esaten badu, zerbait izango da», pentsa dezake arteari kasu handirik egiten ez dionak.
Hala ere, artea zer den eta zer ez den erabakitzeko ahalmenak txunditu nau gehien Boteroren hitzetan. Bideo arteak zinematik omen du gehiago artetik baino, eta instalazioak, antzerkitik. Hori bai, zezenketak artea dira, eta maisulan handiak inspiratu dituztenez, mantendu behar dira. Gerrak ere maisulan ederrak inspiratu dituenez, pena izango al litzateke desagertzea?
Artea. Begiz
Artistaren hitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu