Artea gustatzen zaion jende guztiak ikusi beharko luke Bilboko Guggenheim Museoan dagoen Egon Schiele artista austriarrari buruzko erakusketa.
Ez da erraza artistaren hainbeste lan elkartuta ikustea; batez ere, Egon Schielek papera aukeratu zuelako bere lanaren euskarritzat.
Harrigarria da hain gazte hil zen artista batek (28 urterekin hil zen) lortu zuen indarra. Baina paper gainean lagatako marrazki eta urmargotan berehala sumatzen dugu tragediaren edo zoritxarraren aztarnaren bat.
Stefan Zweig idazle austriarraren Atzoko Mundua. Europar baten memoriak izeneko liburuan ondo baino hobeto deskribatzen da, nahiz eta nostalgiaz oroitu, Austriar Inperioaren gainbehera. Europako lehendabiziko Gerra Handiaren aurreko giro kulturala Austrian gutxitan errepikatzen diren horietakoa da. Idazleen artean, Zweigek berak, ezagunagoa den Kafkak... eta artistek modernismoari loturiko talde interesgarria antolatu zuten Sezession izenaren menpe: Klimt, Hoffman, Wagner, Kokoschka, Moserrek... Mugimendua Europako pintura, musika, arkitektura, diseinu eta beste alor batzuentzat bultzada izugarria izan zen, eta Sezessioaren proposamenei erantzuteko azaldu zirenek ere eragin ukaezina izan zuten Europan; adibidez, Adolf Loos arkitektoaren ideia arrazionalistagoek.
Loos arkitektoarekin batera, Schoenberg musikaria eta Wittgenstein filosofoa aipatu behar dugu joera arrazionalisten artean. Baina, garai hartako Vienan ezin dugu aipatu gabe utzi XX. mendearen iraultzetako baten bultzatzailea: Sigmund Freud. Gainera, uste dut Freu ezinbestekoa dela Schielen lana hobeto ulertzeko. Artistaren borrokak, estetikoak izan arren, pertsonalak ere izan zirela konturatzen gara Guggenheimeko erakusketa ikustean. Lerro zatikatuak eta urduriak ez du bakarrik Klimtetik datorren bizantziar erako dekoratibismo dekadentearekin harremana, eta barne egoera bat adierazteko tresna aproposa dela iruditzen zait. Barne bilaketa edo barne-barnean gordeta dauden desioen askapena direla ematen du. Erotikotasuna, sexu bultzadak, rol antzezpena, mozorroen bidez benetako ni-a bilatzeko gogoa, benetako ni hori askotarikoa izan daitekeen susmoa, zilegi ez diren sexu joeren gaineko azterketa… Mundu hori guztia eta gehiago ikus dezakegu marrazkietan. Desagertzen ari zen mundu baten iraupena eta etortzeko zegoen beste baten iragarpena. Bi mundu horien arteko talka Gerra Handian gertatu zen; Europa berriari, edo ez hain berriari, hasiera eman zion tragedian.
Artea. Begiz
Atzoko mundua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu