Analisia

Aurtengo sagardoaren txinparta

Migel Zeberio
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Sagardoa egiteko sasoi betean gaudenez, Tolosako Leidor antzokia, sagardotegia balitz, esan beharko nuke aurtengo uzta ederra izen dela. Sagar motak, askotarikoak eta tartean ustelik ez. Guztiak, dolarera (oholtza gainera) irauli ahala, banan-banan zanpatuak izan dira, zukurik goxoenak ateratzeko asmoz. Kirikoketaren erritmotarteka bizkor, tarteka pausatuek. Dantzarako doinu zein amodiozkoek, guztiek osatu dute dolarean prentsatutako sagar meta. Esan ohi da bertako sagarra bezalakorik ez dagoela, eta maitatu, nola ez, bertakoek babes berezia jaso dute. Ahots taldeen esparruak ez gintuen txunditu, baina gustagarri izan zen.

Erresuma Batuko bi; Songen, zehaztasunaren aldarrian, enpaste goxokoak, aukeran xuxurlatuegiak, eta Convivium Singers, hamabost laguneko talde handia, britainiar musikan erosotasuna aurkitu zuena.Txekiako The Gentlemen Singersekoek beren ahots tinbre aberatsez baliatuz egindakotik, Dvoraken perlatxo bereziarekin edo Szaboren Summertime moldaketekin geldituko nintzateke.

Haur abesbatzetan, aniztasuna izan genuen present; San Petersburgoko Irratikoak ahalmentsu iruditu zitzaizkidan instrumentu gisa, harmoniak garbitasunez adierazteko, ahots agudo guriak edo grabeetako biribiltasunak ongi ekarriz. Filipinetako Loboc-ek oso errepertorio klasikoaren hautua egin zuen, sonoritate oso bateratua eskainiz. Asturiasko Leon de Oro taldeak, solte une oro, dituen baliabideei txinpartak ateratzen laguntzen dien zuzendariaren jarrerarekin, atal erritmikoenak edo erlijio kanten testuetan murgiltzen, oztoporik apenas duen. Txinako Guangzhouk erakustaldi aparta lortu zuen; egokitasunetik harago, bikaintasunera jauzi egin zuen.

Helduen abesbatzei buruz, bi zertzelada; Ukrainiako Oreyak hesi guztiak gainditu zituen, urteetarako gogoangarri izango den erakustaldiaz. Tesiturak, dinamikak, zailtasun eta sinpletasunak, tinbreak, eszenaratzea… zer esan, beste galaxia batekoak ziruditen. Hori guztia era desberdinetako sentimenduak igortzeko mesedetan jarria: otoitza, ametsa, maitasuna, gordintasuna… Letoniako Balsis ere, bikaina, erraietatik hustualdian, Penderekiren laztasunetik Victoriaren soiltasunera, gazte izanagatik, jakintsu aritu ziren. Alemaniatik ere bi talde esanguratsu entzun ditugu, menturaz, sarituen zerrendatik at gelditu direnak. Errenteriako Landarbaso Abesbatzako kantariek ilusioa piztu zuten; beren zaleak bero etorri dira jaialdira, eta antzeman da. Urteetako etengabeko lan eskergaren ondorioz, sari bikaina lortu du. Labeldun Dolare Txikian, lehiaketetan aditu egiterainoko eskarmentua erakutsi dute. Gertukoak ditugun Leon de Oroko asturiarren antzera, kementsu ekitea erabaki zuten ekitaldien lehen akordetik. Biak ala biak, epe luzeko proiektu pertsonaletatik garatu dira egun direna izateraino. XX. mendeko musika erritmiko eta efektuz beteak menderatzen dituzte. Azpimarratzekoak Asturiasko tenorren ahots kementsuak. Folkloreari adorez eta errespetuz ekiten diote, originaltasunari leku emanez. Gabeziak bertute bilakatzeko lanean dihardute, eta hor emaitzak. Biba zuek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.