Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Autogestioa

2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Autoeraketa, auzolana, networking, crowdfunding eta antzeko hitzak kultur munduan ere modan jarri direla dirudi. Baliteke gobernatzen gaituen sistemak bere hutsuneak gero eta argiago erakusten dituen bitartean gure afekzio eta insatisfazio arazoak asetzeko kolektibitatearen aldeko aldarria alternatiba bihurtu izana. Ados, azken urteotan hartu dugun joera indibidualista gainditzeko balio duten tresnak izan daitezke. Are gehiago, orain arte hala izan dira eta balekoak dira oraindik ere. Baina ez gaitezen engainatu: krisi ekonomikorik izan ezean, kosta egiten da halakorik entzuten egongo ginenik sinestea. Are gutiago kultur munduan, etengabe kanpoko eredu ustez berritzaileak aurpegi aurrean jartzen dizkigutenean. Eta, bertzelako esperientziak entzutea beti aberasgarria bada ere, ez dut uste bereziki gai zehatz honetan ereduak inportatzeko behar handirik dugunik. Urrun joan gabe, hamarkadak daramatzate Euskal Herriko hainbat gaztetxek auzolana, autogestioa, networking-a eta crowdfunding-a praktikatzen. Ez dute hiri handietako egitasmo berritzaile-ustekoen glamour-a, ez haien oihartzuna ere. Ezta behar ere. Modu berean, gure kultur sarearen oinarria osatu eta elikatzen duten hainbat kultur elkarte, diskoetxe eta argitaletxe ttiki aipa genitzake. Eta akats handia litzateke esperientzia horiek guztiek pilatutako aberastasuna eta eskarmentua ahanztea.

Alferrik da orain modako hitz politikoki xuxen eta ponpoxoak errepikatzen ibiltzea, parez pare duguna irakurtzeko gai ez bagara. Auzolana edo autogestioa ezin da mugimendu instituzionala izan, ezin da modako etiketa izan, ezin da erantzunkizunak ekiditeko aitzakia izan, behar komunetik sortutako praktika baizik. Horregatik da hain garrantzitsua kulturari nahi duena izaten uztea, eta ahal bada, horretan laguntzea. Oraindik kultur kudeatzaile izaten tematzen diren politikariek jakin behar lukete soilik horrela lortuko duela kulturak bere burua autoeratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.