Leire Lopez Ziluagak gaia atera zuen bi ostegunetik behin idazten duen zutabean. Euskal Herriko musikaren historia nagusian —letra etzana nirea da— «oin ohar» baino ez diren talde eta bakarlariekin «beste historia bat» osatzeko beharra aldarrikatu zuen, 20 urteko gazteek haiengana iristeko bidea errazago izan dezaten. «Diskoen berrargitalpenak, aspaldiko lanen gomendio eta kritikak, liburuak behar ditugu», zioen. Ez zaio arrazoirik falta, baina zera gehituko nuke: historia nagusi edo «bakar» —Lopezen hitzetan— hori behar bezalako sakontasunez, ikuspegi eta ertz aniztasunez kontatu den zalantzak ditut. Dagoen bibliografia urriak esaten dit ezetz.
Herri honetan dugun musika zaletasuna kontuan hartuta (taldeak nonahi sortzen dira, diskoak ehunka argitaratzen dira urtero, kontzertu eskaintza zabala daukagu, hedabideek arreta handia eskaintzen diete…), gure herri musikari buruz hain gutxi idatzi izana deigarria egiten zait. Horretan ez gaude inguruko herrialdeetako maila berean. 60ko hamarkadan Soroak, Mixel Labegerie eta Ez Dok Amairu agertu zirenetik gaurdaino heldu den historiaren zati bat jasota dago zenbait liburutan —Pako Aristiren Euskal kantagintza berria (1985) lan aitzindariaren ostean, Euskal rock&rolla. Histoire du rock basque (Peio Etxeberri-Aintxart eta Collete Larraburu, 2001) eta Del txistu a la telecaster. Crónica del rock vasco (Elena Lopez Agirre, 1996) etorri ziren—, baina gehitu biografia bakan batzuk eta saiakeraren bat edo beste, eta kito, hori da ia dena.
Hutsunerik handiena, hain zuzen, biografien eta teorizazioaren arloan dago. Egon dira saiakera batzuk: Paper Hotsak argitaletxeak Bosgarren Haria biografia bilduma sortu zuen, baina azken urteetan ez du ale berririk ekarri; Trikitixa Elkarteak ere lan serioa egin du, hainbat disko-liburu kaleratuz. Baina euskal musika modernoaren zutarriak jarri zituzten protagonista askoren ibilbidea paperera eramateko dago oraindik: Errobi, Kortatu, Negu Gorriak, Hertzainak (euskarazko biografia zor diogu), M-ak, Imanol edota Xabier Leteri buruz ari naiz, dagoeneko aktiboan ez edo hilda daudenetako batzuk aipatzearren. Izan ere, badirudi hori izaten dela gurean biografia bat idazteko baldintza, baina beste edozein herrialdetan, Oskorri, Niko Etxart, Su Ta Gar, Fermin Muguruza edota Joseba Tapiari buruzko lanak liburu dendetan leudeke dagoeneko.
Eta bat-batean, zenbait liburu iritsi zaizkigu batera. Hiru gutxienez. Eta hirurak oso diferenteak. Saiakeraren arloko basamortuan, oasi moduko bat izan da Juan Gorostidiren Lau kantari-ren agerpena (Pamiela). Haren laudoriozko oihartzuna, kritikaren aldetik bederen, ondo merezitakoa izateaz gain —gurean gutxitan bezalako sakontasunez eta jarrera kritikoaz teorizatu du Gorostidik Mikel Laboa, Beñat Axiari, Ruper Ordorika eta Imanol Larzabalen obrari buruz— akuilu izan beharko luke gisa bereko lan gehiago sor daitezen.
Historia del rock vasco. Edozein herriko jaixetan (Ediciones Aianai), dokumentazioaren aldetik, orain arte egin den lanik osatuena da, zalantzarik gabe. Azken 50 urtean hizkuntza edozein delarik diskoren bat grabatu duten talde eta kantari guztien aipamena egiten saiatu da Elena Lopez Agirre —5.000tik gora erreferentzia bildu ditu 650 orrialdetan—, eta izenburuak dioena baino esparru zabalagoa hartu du, txistularietatik abiatuz eta jazzari edota trikitixari ere leku eginez. 30 ataletan banaturiko entziklopedia erraldoia da liburua, datuen kontsultarako tresna ezinbestekoa, eta oso baliagarria, esaterako, Leire Lopezek aipatzen zuen beste historia hori idazten hasteko.
Hiruretatik, Azaletatik sustraietara. Euskal musikaren azalak 1960-2010 (Emankor Sarea) da gutxien asebete nauena. Azal gogorreko formatu erakargarrian eta prezio onean (25 euro) heldu da dendetara. Liburuak 600 disko azal inguru biltzen ditu, eta hortaz, alde estetikoan du bere indargunea. Aldiz, desoreka dago eduki grafikoaren eta idatzizkoaren artean, apenas ematen baita azalei buruzko informaziorik —akatsik larriena: ez dute egileen sinadura—, ezta hautaketa irizpideei buruzkoa ere, eta irakurleak tarteka baino ez du azalen atzeko istorio edo asmo estetikoen inguruko datu berri eta interesgarririk jasotzen. Horren ordez, hainbat musikari eta kazetariren gustu, anekdota eta oroitzapen pertsonalak bildu dituzte editoreek. Liburua elebiduna da, eta, tamalez, euskarazko irakurlea berriz ere galtzaile atera da, hainbat akats tipografiko direla medio.
Bai, gure historiaren irakurketa bilduma azalean dago oraindik.
Ilaran
Azalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu