Jon Eskisabel.
Ilaran

Azken furgoia

2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiaren bederatzi eguneko mozkorraldi zinematografikoak biharamunean utzitako hustasun sentsazioa eramangarriagoa egiteko, Treme telesailaren denboraldi berria ikusteari ekin nion igande arratsaldean. New Orleanseko auzo bat da Treme, jazzaren sorleku eta kultura kreol eta afro-amerikarraren gune historikoa, baina David Simonek The Wire goraipatuaren ondoren sorturiko telesail horretako pertsonaiak Katrina urakanaren ostean euren bizitza, etxeak, iragana eta kultura berreraikitzeko ahaleginean ari diren herritarrak dira. Sukaldariak, abokatuak, poliziak, kontratistak eta tabernariak daude horien artean, ustelkeria politikoak, Poliziaren arduragabekeriak, desagertuen bilaketak, indarkeriaren gorakadak, hiria berriz zutik jartzeko lanen esleipena lortzeko azpijokoek eta bestelakoek osatzen dute trama, baina batez ere musikariak, fikziokoak zein benetakoak, dira telesaileko protagonistak. Ezeren gainetik, New Orleanseko musikari egindako omenaldi eder itzela da Treme.

Pertsonaien artean bada irrati esatari bat ere, New Orleanseko musika eta kulturaren defendatzaile sutsua, entziklopedia bat da gizona; ikusleari astuna gerta dakiokeen jarrera ero edo pailazo samarra du, baina niri maitagarria egiten zait. Bistan da, edozein herrialdetako musikaren zabalkundean irratiak duen garrantzia ordezkatzen du Steve Zahn aktoreak jokaturiko pertsonaiak, eta horrek gaurkoa idazteko sarbidea eman zidan hirugarren denboraldiko lehen atala ikusten ari nintzelarik. Gurera ekarrita, banituen horretaz aritzeko pare bat arrazoi, elkarren artean oso bestelakoak.

Albistea Twitterren zabaldu zuten duela aste batzuk, baina nik oraindik orain jakin dut Jose Joaquin Forcada Forki irrati esataria Herri Irratia-Onda Vascatik kanporatu dutela 30 urteko ibilbidearen ostean. Ez dut uste erratzen naizenik esaten badut gipuzkoar askoren —are gehiago, baita beste herrialdeetako herritar askoren ere— musika zaletasunaren erreferente bat izan dela Forki azken hiru hamarkadetan. 1982an sartu zen Donostiako Herri Irratian, eta Azken furgoia saioa berehala bihurtu zen gaueroko konpainia etxe askotan. Gurean ere, eta oraindik ondo gogoan dut harekin loturiko lehen oroitzapena, La Polla Recordsen Delincuencia irratian entzun nuen estreinako aldiarena. Geroago, bat aipatzearren, American Music Club ezagutu izana zor diot Forkiri — «nire talde kutunetako bat…» esatea nahikoa izan zen haren bila hasteko—, eta horrela beste hainbat talde, Euskal Herriko zein atzerriko. Horixe egin baitu gidatu dituen saio guztietan —Azken furgoia-ren ostean, Soinuak etorri zen—, maila berean eta errespetu berberaz tratatu bertako zein kanpoko musika.

Musikarik berriena, estilistikoki askotarikoa, maiz minoritarioa eta beti joera komertzial nagusietatik kanpo zegoena ezagutzera ematen zuen saio bakoitzean, azalpenetan gehiegi luzatu barik, jakin baitzekien musikak bere kasa hitz egiten duela ondoen. Hortaz, Gipuzkoako Diputazioak bete-betean asmatu zuen Gaztemaniak! egitaraua osatzeko ardura bere gain har zezan aukeratu zuenean, eta haren irizpideari esker The Magnetic Fields, Mark Kozelek, The Delgados, Pere Ubu, Eels, Lambchop, Thalia Zedek, Godspeed You Black Emperor! eta beste hainbat eta hainbat talde ikusi ahal izan ditugu 1999. urtetik gaurdaino Gipuzkoan. Eta kontzertu horietan guztietan herrialdeko talde eta bakarlari hasiberriei eman die jendaurrean aritzeko aukera. Hori guztiarengatik, zaleok eta musikariak Forkiri gure esker ona adierazi beharrean gaudela uste dut.

Zorionez, badira pozteko arrazoiak ere. Seguruenik inoiz ez dugu izan euskaraz horrenbeste musika saio entzuteko aukerarik —Info7, Bilbo Hiria, Euskalerria irratia eta hainbat irrati libretako programak eskura daude Interneten—, baina hala eta guztiz ere, Euskadi Irratiak denboraldi berrian musika saioen eskaintza indartzeko apustua azpimarratzekoa iruditzen zait. Aurretik zeudenei —Mikel Markezen Kaja beltza eta Asier Leozen Portobello—, beste bi gehitu dizkie: Juan Garziak maitasun kantuen inguruan prestatutako Musumin (asteazken gauetan) eta Fermin Etxegoienek aurkeztutako Musikatea. Azken horrek Kostaldeko trena ordezkatu du bazkalosteetan —azken urteetan Ekaitz perfektua aurkeztu du Etxegoienek Gaztean—, eta nire iritziz, jauzi kualitatibo handia ekarri dio Euskadi Irratiko programazioari. Euskarazko irrati publikoak behar zuen horrelako saio bat, ezagutza sakonetik abiatuta eta kalitateari erreparatuta Euskal Herriko musika eta kanpokoa naturaltasun osoz eta bereizketarik egin gabe elkarren ondoan jarriko dituena —atzoko saioan, Petti, Cat Power, Ali Farka Toure, Glaukoma, Frank Zappa, Yo La Tengo eta Beach House txandakatu ziren—. Forkik 30 urtean egin duen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.