Artea. Begiz

Balentziaga

Ismael Manterola
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Etxe ondoan dudan museora aurreko asteburuan iritsi nintzen, azkenean. Zabaldu berriko eta udako jende uholdea baretuta egongo zelakoan, Getariako Balentziaga museo berrira hurbildu nintzen igande goizean. Ez genuen arropa egokia aukeratu moda diseinatzailearen omenez eraikitako museoa bisitatzeko, baina kirola (mendi buelta txikia) eta kultura bateratzeko aukera ematen du aldameneko herrian museoa izateak. Beraz, izerdi pixka bat xurgatutako kamiseta eta zapatila arruntekin sartu ginen glamour-aren sortzailetako baten tenplura.

Aspalditik nenbilen joateko asmoz, baina mesfidati. Proiektua berak, inguruan izan dituen iruzurrak eta abarrek errezelo handiz joateko arrazoi franko eskaintzen zidaten; hala ere, joan egin behar, eta udazkeneko igande egun zoragarria aitzakia ona izan zitekeen moda munduan murgiltzeko.

Museoaren kanpoko itxurak eta sarreran alferrik galdutako gehiegizko metroek ez zuten gauza onik iragartzen, baina erakusketa aretoko ibilbidea hasi bezain laster, Balentziagaren munduan sartzen hasi nintzen. Ez naiz ni oso moda zalea; ez dakit gauza handirik modaren diseinuari buruz, eta horregatik harrituta irten nintzen egindako bidaia interesgarri eta gozagarriarekin.

Sei aretotan banatutako erakusketak aukera ederra ematen du modarentzat punta-puntakoa izan zen diseinatzailearen lana ezagutzeko eta gozatzeko. Erakusteko era txukuna du, sinplea eta gehiegikeriarik gabea; areto bakoitzean dagoen ikus-entzunezkoa neurrikoa ikusi behar duguna ulertzeko; soineko bakoitzak duen azalpen laburra eta zehatza; azken aretoan ordenagailuaren aukerei ematen zaien erabilpen zentzuzkoa eta ulergarria (ikusten dugun soinekoaren egite prozesua erakusten dute); arrazoi nahikoak dira nekatzen eta asetzen ez duen ibilbidean laguntzeko: beraz, museoa neurrian dagoela iruditzen zait (gehiago gehiegi izango litzateke eta gutxiago gutxiegi).

Bisitaldia bukatu ondoren, Balentziagari buruz gehiago nekiela esateaz gainera, orokorrean, modari buruz asko ikasi nuela esan behar dut. Horrelako herri txiki batek neurri horretako proiektua behar zuen edo ez, eztabaidagarria da. Sei aretotan dagoen bilduma, mantenurako aretoak, biltegia eta bulegoak toki gutxiago hartuko lukeen eraikuntza batean hobeto egokituko lirateke Getaria bezalako herriari eta orain ditugun aurrekontuei.

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.