Gutxi dira Andoaingo Bastero kultur etxeko erakusketa aretoaren parekoak Gipuzkoan. Azken zazpi urteetan egitarau interesgarria osatu du, Euskal Herriko artista ezagunen lana erakusten. Maila ederreko erakusketak ikusteko aukera izan dugu, Peña Gantxegi arkitektoak eraikitako areto berezian.
Erakutsi behar duenarentzat ez da toki erraza. Arkitekturari aurre egitea ezinezkoa denez, aretoak ematen dituen aukeraz baliatzea besterik ez dago, eta horrek tokira egokitutako erakusketa bereziak eragiten ditu. Adibide moduan jar daiteke egun hauetan zabaldu den Manu Muniategiandikoetxearen erakusketa. Koadroetan pintatutako lanak jarri beharrean, azken urteetan aztertzen dabilen errusiar konstruktibismoaren eskulturen egiturak jarri ditu.
Basteroko arkitekturak plano kurboak ditu, eta Muniategiandikoetxeak Okerrak izena jarri dio bere erakusketari, euskaraz hitzak duen bikoiztasunarekin jolastuz. Zirkuluz osatutako Argia islatzen duten planoak izeneko Rodtxenkoren eskulturaren bertsioa sabaitik eskegita azaltzen da hormaren atzean, argi foku batek argiztatuta. Hondoko horman, berriz, zirkuluak egur xaflan mozterakoan geratzen diren errefusen zatiak, guztiak lerrokatuta.
Egurrezko forma okerrek hormaren zuzentasuna puskatzen dute; horregatik, erritmoak jarraian ikusita, giza ilarek sortzen dituzten mugimenduak eta ikusgarritasuna gogorarazten dute. Rodtxenkok hainbeste erabilitako diseinuaren ariketa gogorarazten digu Basteroko hormak; horman bihurguneen zabalera ezberdinek zirkulua ixten eta irekitzen duten bitartean, eskegita dagoen eskulturak espazioaren argia zabaltzeko gogoa du.
Horrekin batera, artistak sarreran, lurrean, jarri duen pieza zirkularrak bat egiten du aretoak alde horretan duen formarekin. Erakusketara sartzeko eskailerak jaisten ditugunean pixkanaka aurkitzen dugun forma da; inguratu behar dugun forma erakusketan aurrera egiteko, alegia.
Beraz, hiru lan besterik ez duen erakusketa da, berehala ikus daitekeena, baina ñabarduraz beteta. Manu Muniategiandikoetxeak jarri duen erakusketa Basterok eskain dezakeenaren adibide ona da: ingurua aktibatzen duten piezek espazio osoa bihurtzen dute artelan.
Artea. Begiz
Bastero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu