Badakizkigu Literaturiaren laugarren ekitaldiko egunak—ekainaren 1etik 3ra egingo dute; ohi bezala, Larrabetzun—, eta badugu afixa ere: Lauaxetaren fusilamenduaren 75. urtemugan, haren gabardina erabili du Unai Iturriagak, eta esangura sinboliko handiko irudia sortu du. Egitaraua oraindik ez dute aurkeztu. Baina, afixan bertan azaldutakoaren arabera, aurten ere askotariko ekitaldiak izango dituzte hiru egunetako jardunaldiek: liburu aurkezpenak, poesia errezitaldiak, antzerkia (Xentimorik gabe), poesia eta musika emanaldiak (Norte Apache eta Mugaldekoak taldeenak), mahai inguruak, Ez zuten poeta fusilatu Lauaxetaren bizitzako azken egunei buruzko ikuskizuna —2005ean taularatu zuen estreinakoz Bihotz Bakartien Klubak, poetaren jaiotzaren mendeurrenean—, bertso trama, kontzertuak (Xabier Montoia), umeentzako literatur jolasak… Eta, aurreko bi urteetan bezala, Euskal Herriko irakurle klubek topaketa egingo dute Larrabetzun.
Literaturia. Askori arrotza egingo zaie izena oraindik. Ez dute berehalakoan identifikatuko. Hiriburu batean, banketxe edo instituzio publiko indartsu baten babes ekonomiko eta politikoarekin eta nazioarteko idazle entzutetsuak ekartzeko asmoarekin sortu izan balute, ezagunagoa zatekeen akaso (ez pentsa hala ere; literaturaz ari gara)… baina periferian eta auzolanean jaio zen Literaturia, Larrabetzun bertan sortutako eta Euskal Herri osora hedatzen den Literatura Eskolaren ekimenez, zer eta euskarazko liburu, idazle, argitaletxe eta irakurleei plaza, topaleku eta erakusleiho bat eskaintzeko.
Beste informaziorik ez duenak beste Durango bat dela pentsatuko du, liburuen salmentarako beste azoka bat —kasu honetan, euskarazko literaturarena soilik—. Eta badu horretatik ere Literaturiak, eta ezin esan alderdi hori garrantzitsua ez denik, baina ez da hori ardatz bakarra, ezta oraingoz nagusia ere. Durangoko Azokak ez duen atzealde bat du Literaturiak sorreran, eta lotura zuzena du azken urteetan euskal literaturaren inguruan ezarian-ezarian loratu den dinamika herrikoi eder eta emankorrarekin. Gero eta herri gehiagotan eratzen ari diren irakurle klubak dira horren froga argiena, haiek lagundu dute bizitasun giro hori azaleratzen eta nabarmenarazten. Harkaitz Canok esan berri du …eta kitto! aldizkarian: «Euskal literaturaren erresistentzia guneak dira. Euskal Herrian horrelako 30 tertulia badaude, bakoitzera 10-15 lagun badoaz, hor 400-500 pertsona dauzkazu, oso aktiboak, liburu bat irakurtzeko eta modu kritikoan aztertzeko konpromisoa daukatenak. Hori ezin da gutxietsi». Ezin direnez gutxietsi 111 Akademia, Beterriko Liburua aipamena eta aldizkaria, Eako Poesia Egunak, Bergarako Idazle Eskola, lehen aipatutako Literatura Eskola, herrietan antolatzen diren literatur aste, jardunaldi eta solasaldiak, euskarazko liburu klasikoen irakurraldiak edota Edo! argitaletxe sortu berria. Bakoitza bere esparruan eta bere ezaugarriekin, idazle trebakuntza, irakurzaletasuna, euskal zein nazioarteko literaturaren ezagutza eta transmisioa bere baitan hartzen dituen sare beregain bat osatzen eta egituratzen joan dira, gurean beste sorkuntza diziplina gehienek beretzat nahi luketena oraintxe bertan. Oinarrian egindako artikulazio lan hori ikusgarri bihurtzen duen ispilua da Literaturia, distortsiorik gabe ikusgarri...
Ez dago eredu bakarra, ereduak baizik. Bertsolaritzak elkarte indartsu bat izan du motor, baina literaturako esperientziak erakutsi du halakorik gabe ere posible dela behetik gora eragitea, irakurleetatik argitaletxeetara. Beste kultur adierazpideetako eragileek ere lehenbailehen heldu beharko liokete norbere esparrua ekosistema moduan egituratzeko lanari (dantzaren arloan jada hasi dira, Euskal dantzaren adierazpena agiriaren sinatze kolektiboarekin), elkarlanean, gaur egun zaila baitirudi zaleak, sortzaileak eta ekoizleak bildu, elkar ezagutu eta elkarren arteko identifikazioa sortu, kezkak eta gogoetak partekatu eta aurrerabideak elkarrekin adostea aurreikusten ez duen eredu baten bideragarritasuna imajinatzeak.
Ilaran
Behetik gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu