Askotan artea, eta kultura, oro har, errealitatea lausotzeko erabiltzen den berniz antzekoa dela iruditzen zait. 2012 Euskadi bakea eta askatasunaren aldeko kulturen urtea izeneko ekimena ezagutu ondoren etorri zaidan burutazioa izan da.
Gernika eta beste herri asko bonbardatu zituztela 75 urte beteko diren urte honetan kultur ekimenak antolatu dira erabaki politikoak hartu beharrean. Ez nago nazioarteko artistek euskal artistekin batera Urdaibain proiektuak egitearen kontra, alderantziz, gustura ikusi edo gozatuko ditut, baina 2012ko ekitaldiekin elkartzea ez dakit oso zuzena den.
Espainiako Gobernuari egindako sarraskiaren inguruan zerbait esateko eskatu beharrean edo Francoren gobernuko kide izandakoak ohorezko gaitekin hilobiratzearen aurrean ezer esan gabe geratu beharrean, nahiago nuke Eusko Jaurlaritzak bakerako beste neurri batzuk hartu balitu kultur ekitaldiekin batera. Adibidez, urtero Madrilen ospatzen den armadaren desfilera ordezkaririk ez bidaltzea, Espainiako aurreko gobernuari Afganistango gerran parte ez hartzea exijitzea, Euskal Herriko industria militarra bake zereginetara egokitzeko programa serioa lantzea, unibertsitate publikoak asmo militarrekin egindako ikerketetan parte ez hartzeko konpromisoa sinatzea, ertzaintza desmilitarizatzeko plana abian jartzea, Espainiako gerrako ministroa izandakoari beste trapu zikinen ordez kargu zikin hori bete izana leporatzea eta gaur egungo euskal jatorriko gerra ministroari ministerioa desegiteko eskaera egitea (horrek ekarriko lukeen defizitaren murrizketaren abantailekin).
Baina, garai batean intsumisoak egurtu zituen alderdikoak izanda, zer bake jarrera espero dugu Euskal Jaurlaritzatik? Gustura hitz egingo dugu bakeari eta askatasunari buruz erakusketak zabaltzeko ekitaldietan, musika kontzertu eta antzerki emanaldietan; gerrari buruz hitz egitea baino gomendagarriagoa da, baina… 2012. urtea pasa ondoren bakeaz hitz egin bai, baina bakearen alde ezer egin gabe jarraituko dugu. Madrilen euskarari omenaldiak egitea bezalako zerbait da, Euskal Herrian euskara poliki-poliki hiltzen ikusten dugun bitartean.
Artea. Begiz
Berniza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu