Joan den astean ezagutu genuen Dejabu konpainiak irabazi duela Donostia antzerki saria, Gure bide galduak lanarekin. Ez dakit saria jasotzeko inork baino merezimendu gehiago egin dituen, ez baititut Donostian iaz taularatu ziren helduentzako beste obra guztiak ikusi, baina ez nuke esango merezi ez zuenik. Koldo Izagirrek Egarri egunak portualdean azken nobelan egin bezala, Dejabuk ere Franco hil ondorengo lehen urteetan kokatu du bere lana, Izagirreren eleberriko Pasaiatik gertu dagoen herri batean, Errenterian, eta taldekideek gurasoen bidez ezagututako giro eta testuinguru soziopolitiko eta kulturalaren memoria berreskuratu du, samurtasunez, irudimen handiz eta nostalgiarik gabe. Obra polita da. Zuk zeuk egiazta (edo gezurta) dezakezu hurrengo igandean Azkoitiko Matadeixen, hilaren 14an Iruñean (Nafarroako Antzerki Eskola) eta 16an Basaurin (Social antzokia). Sariari esker, hilaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Donostiara itzuliko da taldea, obra Antzoki Zaharrean taularatzeko.
Ez da ohikoa, baina saria bera nabarmendu nahi nuke gaurkoan, obra saritua baino gehiago.
Orokorrean sariek edo, hobeto esanda, sari-emaileek bi funtzio bete ditzakete, bi jarrera hartu —saridunak ez ezik norbere burua goratzea alde batera utzita—: lan baten harrera kritiko edota komertzial ona berrestea, edo obra minoritario bat ezagutarazten eta zabaltzen laguntzea. Donostia saria euskarazko antzerkigintzaren sari nagusietakoa da, nagusia ez bada. Instituzio batek (udalak) bultzatzen du, diruz hornitua dago (10.000 euro jasotzen ditu irabazleak, beste obra bat ekoizteko), sektoreko profesionalek parte hartzen dute epaimahaiaren osaketan, eta ibilbide luzea du (hamabi ekitaldi). Sari ofiziala, kanonikoa izan zitekeen honezkero, baina haren palmaresa gehiago lotzen da antzerki independenteko jaialdi batenarekin, lehen aipatutako bi hautuen artean maiz bigarrenera lotu izanaren ondorioz.
Izan ere, sarituen zerrendari begiratuta, garbi dago garaian garaiko epaimahaiak ez duela erabakirik eroso edo popularrena bilatu. Askotan, euskarazko antzerkigintzari arriskua eta apustu estetiko berriak ekartzeko eta jatorrizko sorkuntzak taularatzeko ahalegina egiten duten taldeak saritzeko asmo txalogarria erakutsi du, eta bidenabar obra sarituak aretoen zirkuitu komertzialean izan lezakeen bide malkartsua leuntzen lagundu. Seguruenik ez dago inon idatzita horrela izan behar duenik, eta epaimahaikideen artean eztabaida gogorrak ere izango direla sumatzekoa da, baina azken urteetako joera hortik doa. Yuri Sam (Antzerkiola Imaginarioa, 2005), Kaukasiar Kreazko Borobila (Chimeres-Pok, 2006), Juglarea, puta eta eroa (Le Petit Theatre du Pain, 2009) eta Errautsak (Le Petit Theatre du Pain-Artedrama-Dejabu, 2010) izan litezke horren adibide nabarmenenak.
Gure bide galduak-en kasuan, gaztetasunaren eta etorkizunaren aldeko apustua egin du epaimahaiak konpainia baten lehen antzezlana sarituta —orain arte txotxongiloen alorra jorratu du Dejabu Panpin Laborategiak—. Bazituen beste aukera batzuk. Ipar haizearen kontra saritzea, adibidez; obra sendo bat, kritikak goraipatua, euskarara ekarrita dagoen best-seller eleberri batean oinarritua, atzean konpainia, zuzendari eta aktore ezagunak dituena (Tanttaka, Fernando Bernues, Joseba Apaolaza…), antzokiak betetzen dituena, azkeneko aldiz Beasainen joan den ostiralean… Eta saritzeko modukoa. Estreinatu aurretik 30 saio zeuzkan lotuta Ipar haizearen kontra-k. Gure bide galduak, berriz, hamabi bider taularatu dute urritik, estreinatu zutenetik, eta maiatza bitartean beste zazpi saio ematekoak dira oraingoz. Aukera ona izango da sariak obraren zabalkundean izaten duen eragina neurtzeko.
Nahi eta nahi ez sariak erreferentzia dira, eta euskal antzerkiak, zaleak, programatzaileak ere behar ditu bereak, propioak. Donostia saria bada bat, baina hutsuneak eta mugak ere badauzka. Agerikoena, ez duela urteko ekoizpen osoa kontuan hartzen, Donostian taularatutakoa baizik. Hirian euskarazko antzerkiaren eskaintza egonkortzeko asmoarekin sortu zuten, eta lortu dute urterik urte antzezlan kopuru bat finkatzea egitarauan, 6 eta 9 artekoa. Hori bermatu ostean, ez genuke konformatu behar, ezta sariari eustearekin ere, poztekoa izanagatik. Hamabi urte igaro eta gero, beste urrats bat egiteko unea izan liteke, lehenik eta behin Donostian ahalik eta lan kopururik handiena taularatzeko ahalegina eginez —sariari pisu handiagoa emango lioke horrek—, eta, zergatik ez, aurrera begira, lankidetzan sakonduz eta gure antzerkigintzaren prestigioa Espainiako Max sariek emandako apurren menpe lagako ez duen balizko antzerki sari nazional baterantz joz. Bidearen lehen harria jarrita dago.
Ilaran
Bidearen lehen harria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu