Ismael Manterola
Artea. Begiz

Bigarren buelta

2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Artearekin askotan gertatzen den zerbait gertatu zitzaidan David Hockneyren erakusketan. Orain dela aste batzuk pintore ingelesaren lana ez zitzaidala gehiegi gustatu idatzi nuen, eta benetan hala ote den galdetu didate bi ezagunek kalean. Iritzia aldatu dudala aitortu behar izan nien, bigarren bisitaldi baten ondoren Guggenheimeko erakusketak harrapatu egin ninduelako.

Artea ez da erabili eta bota moduko kultur produktua. Gaur egun, kultur produktua eta kultur lana gero eta gutxiago desberdintzen dugun garaian, hau da, beste edozein kontsumo produkturekin nahasten dugun garaian, artea da gure gustuak, interesak eta ideiak birplanteatzeko gaitasuna izan dezakeen ekintza kulturala.

Gainera, artearen izaerak berak geruzaz geruza deskubritzeko aukera ematen digu. Zentzuen bidez sartzen da gehienetan, eta urrats horretan gustuak zeresan handia du; gustukoa ez badugu, nekez egingo dugu ulertzeko edo sakontzeko esfortzua; aldiz, gustukoa badugu, zerbait gehiago bilatzeko bidean murgilduko gara.

Hockneyren kasuan, Claude Lorraine Barrokoko artista famatuaren koadro baten azterketa eta bertsioen aretotik hastea izan zen nire akatsik handiena. Ipad delako tramankuluz egindako inpresio digital handiak ez zitzaizkidan batere gustatu, eta horrek erakusketa guztia baldintzatu zuen.

Bigarren bisitaldian, zatikatutako paisaia-pintura erraldoiak gustuko nuen filmarekin eta garai bateko argazki collage edo konposizio panoramikoekin lotzea lortu nuen, eta horrek koadro handi eta kolore bizikoak beste modu batera ulertzeko aukera eman zidan.

Onartu behar dut artikulu hau zuzenketa moduko idatzia dela, astero arteari buruz zerbait idazteko presak eta beharrak bultzatutako iritzi azkarregiak zuzentzeko egindako artikulua. Baina, hausnarketarako ere balio duelakoan, arteak behar duen arretaz ohartu nahi nuen irakurlea. Begirada urduriari edo azkarrari ohitutako gizartean, arteak eskatzen duen patxada eta buruhaustea onartzeko prest gauden galdetzeko moduko artikulua idatzi nahi nuen.

Telebistak zabaldutako bideoklip estetikaren aurrean, arteak beste esperientzia mota eskatzen du. Irudiak azkar begiratzeko ohitura dugu, japoniarrek turismoa egiten dutenean argazki kameratik begiratzen duten segundo bakar batzuen antzera. Artelanak aldiz, galderak eta arazoak planteatzen dizkigun neurrian, behin eta berriz begiratzera bultzatzen gaitu. Begirada bakoitzean zerbait berria ikusiko dugun konbentzimenduarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.