Polemika luze honen hasiera izan zen nire artikuluan zegoen ideia nagusia zen «euskal literaturan askoz gutxiago idatzi dela ETAk eta haren inguruak eragindako biktimen ikuspegitik beste edozein ikuspegitatik baino», eta hori zela, besteak beste, euskal gatazkari buruz gehiago idazteko gaietako bat. Hortik tira eginez horretaz idatzi duten eta idatzi nahi duten idazleek «Cassinello general frankistaren ZEN planaren aplikazio poetikoa» osatzen dutela eta horrela «euskal literatura espainiar inperialisten konpartsa» bilakatzen dela esatea, Lander Garrok dagien bezala, gehiegikeria handia da, irain onartezina eta biktima batzuekiko errespetu falta, gezur hutsa izateaz gain.
ETA sortu zenetik 800etik gora pertsona hil baditu eta ehunka zauritu, eta kontuan hartuta idazlea egia osoa narratzen saiatu behar dela, egiatia izan behar dela, euskal gatazkari buruzko bizpahiru liburu idatzi ondoren ETAk egindako hilketa bat ere narratzen ez duen idazlea ez da egiazalea. Euskal gatazkan hildako ENAMeko kideak 200 bat direla irakurri izan da hedabideetan. Horiek inoiz aipatu gabe euskal gatazkari buruzko bizpahiru liburu idatzi dituen idazlea ere ez da egiazalea, Memoria eta Elkarbizitzarako kongresu batzuetako partaide batzuk bezala, eta biktima horiekiko errespetu falta da halaber. Puntu batean oso antzekoak dira Lander Garro eta Luis Haranburu-Altuna, alde bateko biktimak existituko ez balira bezala hitz egiten dute, bakoitzaren alde hori guztiz kontrakoa delarik, noski. Biktimak eta borreroak alde guztietan egon direla denok onartzen ez dugun bitartean, hemen ez da benetako bakerik izango.
Azken bolada honetan ezker abertzale ofiziala ere agertu da biktima guztiak ezagutzeko eta errespetatzeko borondatearekin. Adibidez, hiru hilabete baino ez dira iragan BERRIA egunkari honetan Pernando Barrenak elkarrizketa batean ezker abertzalearen izenean esan zuenetik: «Ezker abertzaleak azalduko du posizio garbi bat, errespetua adierazita herri honetan izan diren biktima guztiei, argi eta garbi esanda biktima horiek guztiek aitortza eta erreparazioa behar dutela». Eta kazetariak galdetzen dionean «Leporatu izan zaizue alde bateko biktimak ahanzturan edukitzea, haiek iraintzea ere bai; horren inguruan hausnarketa bat egin duzue?», Pernando Barrenak dio: «Agerikoa izango da. Iraganeko gure jarrera batzuen autokritika zintzoa egin dugu» (Koldo Aldabek sinatutako elkarrizketa, 2012-2-26, www.berria.info).
Orokorrean ados nago Pernando Barrenak elkarrizketa horretan esandako gauzekin, ezker abertzalea baino askoz lehenago hasi bainintzen horietako anitz esaten. Orain dela 20 bat urte etsai asko sortu zizkidan «ETAren kontra, negoziaketaren alde» izeneko artikulu bat argitaratu zidaten Euskaldunon Egunkaria-n. Garai hartan alde batekoek ez zuten ETAren desagerpenik eta negoziaziorik onartzen (indarkeriazko garaipenean sinesten zuten oraino), eta beste aldekoek ETA desagertzea nahi zuten baina negoziazioa gaitzetsiz. Hogeitaka urte behar izan ditu ezker abertzaleak nire artikuluko jarrera horretara iristeko, eta orduan kritikatu ninduten askok nik esaten nuena bukatu dute esaten. Bitartean jende mordoa hil da alferrik. Orduan bezala, baina batere ilusiorik gabe, gaur egun ere Euskal Herriak autodeterminazioarekiko eskubidea duela esatea bidezkoa iruditzen zait, ETArik gabeko egoera batean, eta negoziazioren bat beharrezkoa ikusten dut presoen auzia eta prozesu osoa bideratzeko, biktima guztiekiko errespetua azaltzearekin batera. Horregatik eta ezker abertzaleak bere mezua asko bigundu duelako, Pernando Barrenaren elkarrizketa horretako diskurtsotik aski hurbil sentitzen naiz (baina Aralarretik botatakoengandik hurbilago) eta Lander Garrorenetik oso urrun (Luis Haranburu-Altunaren diskurtsotik bezainbeste). Hain zuzen ere, badira ezker abertzalean bere ildo nagusiarekin ados ez dauden militanteak, ETA desagertzearen kontra daudenak, hala nola herri honetan izan diren biktima guztiei ezker abertzaleak berak errespetua adieraztea «espainiar espainolisten konpartsa» bilakatzea dela pentsatzen dutenak, baina ez dira asko.
Euskal literaturan alde orotako biktima guztien istorioak narratzea haiei gure errespetua adierazteko modu bat da eta egia osoa kontatzeko ahalegin bat. Aurreko artikulu batean «duintasunezko oroitzapena hildakoentzat» idatzi nuenean ETAk eragindako biktimak ez ezik estatu espainiarrak hildakoak ere banituen gogoan, noski, eta beren ahaideak. Gabriel Arestik idatzi zuen bezala, «ETArren amek asko sufritzen dute beren semeak hiltzen dizkietenean, eta batez ere beren semeek hiltzen dutenean». Imanol abeslariak jarri zion musika.
Literatura. Hirudia
Biktimekiko errespetu falta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu