Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu

David eta Goliat

2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Weinstein anaiek ez dute gupidarik. Antza denez, gerran eta amodioan denak balio du. Euren produktua saltzera munduaren amaierara ere joango lirateke. Euren azkeneko erokeria ez da nolanahikoa; pelikula frantses eta mutu baten aldeko apustua egin dute, eta Oscar sarietan faborito nagusia da. Industriako profesional gehienek ez dituzte begiko, baina arrakasta handiko enpresariak direla ezin uka daiteke. Miramaxek eta Sundanceko jaialdiak zinemagintza independentea guztiz aldatu zuten 90eko hamarkadan. Pelikula aspergarriak eta narraziorik gabekoak egiteari utzi, eta film polemikoak eta publikoarentzat erakargarriak zirenak egiten hasi ziren. Zinema independentea ghettotik ateratzen lagundu zuten, eta egun daukan estatusa eta ospea anbizio handiko anaia horiei zor zaie.

Ordura arte zinema independentea banatzen zuten enpresek irabazi eskasak eskuratzen zituzten; inork ez zuen aberasteko asmorik, zinema maite zutelako egiten zuten. Return of the Secaucus 7 (1979) filmak sekulako dirutza bildu zuen: 2 milioi dolar. Garai hartan zinema europarraren merkatua askoz oparoagoa zen, baina 80ko hamarkadaren amaieran publiko jakin bat bereganatu zuten. Miramaxen arrakastarik sonatuena Pulp Fiction izan zen; 100 milioi dolar baino gehiago bildu zituen Estatu Batuetan bakarrik. Miramax izan zen ekoiztetxe handiei aurre egin zien lehenengo enpresa independentea, eta aurretik inork lortu ez zuena lortu zuen.

Ordura arte Oscarrak estudio handien arteko lehia ziren, baina Miramaxek 60 Oscar inguru lapurtu dizkie jadanik Hollywoodeko jauntxoei. Afari eta koktelek Akademiako kideen erabakiak guztiz baldintzatzen zituzten, eta horretarako dirua estudio handiek soilik zeukaten. Iaz, Weinstein anaiek babestutako The King's Speech izan zen film onenaren saria eraman zuena, eta aurtengoan The Artist atera daiteke garaile. Igande honetan BAFTA sariak banatuko dira Londresen, eta hilaren 26an zalantza guztiak uxatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.