Mozorroak prestatzen hasi gara. Ia inoiz ez bezala. Ohikoena burutik behera edozer sartu eta kalera ateratzea izan baita. Umeak ez. Umeek ondo erabakitako mozorroak izaten dituzte. Aurrez probatutakoak, zer aldatu edo zer gehitu ikusteko. Idazten ari naizen honetan, plazatik datozkit musika eta umeen dantza, barre eta orroak. Aurten egunero egunero, goiz eta arratsalde, esan dit Manexek, zin egiteko, egunero jaitsiko garela inauterietara. Joan beharra dugula. Beharra duela. Berebizikoa, gainera.
Mozorrotzea maite du. Beldurrezko mozorroak ditu gustukoen. Atorra luze beltza, eskeleto, ezpata eta hiruortza, lepo moztu eta maskara zantarrak.Aurpegia beti estalita. Kaputxa beldurgarriren bat burutik behera. Bestelakoan pirata, borrokalari edo super-heroi. Topiko hutsa. Mutikoei inposatu diegun rola. Neskak printzesaz joatea maite duten bezalaxe, ezin ederrago, inoiz baino ederrago. Inauteriak dena hankaz gora jartzeko omen dira, baina batzuetan arauak are gehiago finkatzeko ere balio ez ote duten. Eskerrak, Bilboko Deustu auzoan, euskara taldekoak eta talde feministakoak (bai bikote ederra) maitasun erromantikoaren parodia dutela egitekoa bihar bertan.
Mozorrotu eta eder egote hori, bere horretan kontraesan hutsa dirudi. Mozorrotzea aldrebestea behar du izan, hankaz goratzea. Nor bere burutik hasita. Nolatan ederrago agertu nahia. Donostiako inauterietako desfile xuxen horietan bezala. Ondo entsaiatutako koreografiak, jende dena txukun, denak berdin, denak eder. Emakumeak, bereziki. Edertuak. Hori ere mozorro bat izan liteke, ados. Baina ez ote da benetan mozorrotzea zikintzea, lohitzea, itsustea, Leitzan esan ohi duten moduan atsoaguretzea?
Inauteri guztietan dira mozorroa, musika eta dantza nagusi. Baina badago aldea batetik bestera jarrera edo zentzuan. Inauterien ohituraren soka antzinatik dakarten nekazal giroko herrietan bereziki zatartzea eta zakartzea da inauteria. Desfile zuzenik ez egitea, anabasan ibiltzea, jendea bultzatzea, jendea simaurtzea, orro egitea, beldurtzea, jotzea. Horrelaxe da Zubietan, edo Iturenen edo Lantzen edo Arizkunen. Asaldagarri egiten da hain antzinako oihartzunak hain gaurkotuak ikustea: gizaki eta hartzaren arteko basa-gizon bat, bere ardi larru, huntz eta goroldio, parpailadun azpiko-gona zuri, ile gandor punkia, traktore tuneatu batetik motozerra eskutan zabuka ateratzen ikustea. Eta jendeari oldartzea.
Garai batean txantxak egin, zarata sortu, eltzeak puskatu, elkarri ura, zahia, irina eta beste gauzak bota, puxikaz eta makilez jo, iseka egin, irainak bota, sekretu eta zurrumurruak zabaldu eta etxez etxeko eskeen ondoren oturuntzat egitea zen kontua.Animaliak ere tartean izaten ziren, txakur eta katuen buztanei makila, aza eta lata zaharrak lotzea, oilarrekin jolastea, animaliak aztoratzea. Asko zibilizatu egin gara eta ez genuke animaliei horrelako traturik ematea onartuko. Orain dena da xamurragoa, itxurazkoagoa, faltsuagoa. Gu ere aurten animalia batekin ibiliko gara, gora eta behera. Peluxezkoa dela. Haginak eta begiak odoletan dituen arratoia eskuratu dugu, soka ta guzti, txakurtxo baten modura arrastaka eramateko. Hori bai, egiten duen hotzarekin igual jantzi beharko diogu berokitxoren bat.
Katuajeak
Dena da xamurragoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu