Zuri-gorriz jantzitako eta pintatutako jendea Deustuko zubian zehar ibaiaren alde batetik bestera doa. Gutxik erreparatuko diote zubiaren alde batean dagoen eraikintxoari. Zubia zabaltzen zenean makinak gobernatzen zituen pertsonei babesa emateko kaxeta da. Bilbo guztiko etxeak bezalaxe, leihoak marra zuri-gorriz apainduta dauzka. Ezer arrarorik ez, beraz. Baina ibai aldeko leihoan dauden hizkiak irakurtzera ausartzen dena, Gol en el campo, paz en la tierra esaldia irakurriko du, ezer berezirik ez azken asteetan futbolak hartuta daukan hirian.
Baina Deustuko zubiko makina etxetxoa kaleko artearen babestoki bihurtu da hilabete batzuetarako. Juan Pablo Orduñez (Mawatres) izeneko artistak proposatutako proiektuak Arte Ederren Fakultatearen babesa du, eta hiru astetik behin arte proiektu bat jarriko dute.
Lehendabiziko proposamena Komando Trini izeneko kolektiboarena da. Laurita Siles eta Edurne Gonzalezek etxolan jarritako marra zuri-gorriak zeharo aproposak dira egunotan Bilbo jasaten ari den futbolmaniaren gaineko hausnarketa egiteko. Ustekabean pasako da jende askorentzat, apaindura zuri-gorriak nonahi daudelako, eta esaldiak ere ez duelako esanahi berezirik izango batzuentzat.
Baina, euskal rock erradikala bere garaian ezagutu genuenontzat —eta gerora iraunpen ia betikoa jasan dugunontzat—, esaldia La Polla Records taldearen kanta batekin lotuko dugu. Kanta futbolari egindako kritika zorrotza da, eta horregatik Komando Triniren esaldi azpikoa: Evaristori omenaldia.
Garai bateko espiritu kritikoa berreskuratzeko aukera eskertzeko modukoa da, jende guztia erotu egin dela dirudien momentuan. Barregarriena da futbolarekin erotuta dauden gazte eta ez hain gazte askok La Pollaren kanta gogo handiz kantatuko dutela, zer esaten duen ondo konturatu gabe.
Hala ere, Komando Triniren interbentzioak badu beste ezaugarri bat. Koloretako zerrenden bidez, Guggenheim museoak bereganatu duen Salbeko zubian Daniel Burenek jarritako arkuarekin harremana sortzen duelako, alegia. Burenen arkuari ez nion inoiz gehiegizko interesa aurkitu, eta, horregatik, Deustuko zubian jarritakoa erantzun moduan ulertu dut: estetizatutako eta ikuskizun bihurtutako hirian 80ko hamarkadako punkaren jarrera kritikoa berreskuratzeko aukera, garai hartan zubian bertan gertatu ziren lan borrokak gogorarazteko aukerarekin batera.
Artea. Begiz
Deustuko zubia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu