Lorea Agirre.
Katuajeak

Dirurik ez, logorik ez (2)

2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Behin logoa jarri ez eta orduko arduradun politikoak egunon esan aurretik gaztigatu gintuen, nola enpresariak praktiketako langilea: hurrengorako logoa azalean jarrita ikusi nahi dut. Ez zigun denborarik eman, ez zen hurrengorik izan, hauteskunde emaitzek kanporatu zuten politikaria. Joan den astean, aitor nuen, ez genuela berariaz egin, ez zela balentriatxo bat gure aldetik, desafio bat. Ezta gutxiago ere. Besterik gabe, akordatu ez jartzea.

Baina gurean badira logoa berariaz gehiago ez jartzea erabaki izan dutenak, eta esan beharra dago. Susa argitaletxeak 1997an erabaki zuen ez zuela gehiago «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako argitalpena» zioen leloa jarriko. Geroztik argitaletxe askok segi diote bide horri, eta gaur egun ia inork ez du jartzen. Liburuak askatu dira, baina bestelako kultur lanetan sarri sarri ageri dira, egunkari honetan bertan, erraz topatzeko moduan ez bada ere.

Kultura bezatzearen parte da logoa, bere alde on eta txar guztiekin. Eta, beharbada, diru-laguntza publikoa jasotzearen truk eskatu beharko litzatekeena ez eskatzea izandaiteke ekar lezakeen alderik okerrena. Alegia, diruz lagunduari diru publikoaren kudeaketa ona eta argia egitea eskatu behar zaio, gardentasunez jokatzea, hori lehen lehenengoz. Baina baita kultur lanaren banaketa eta zabaltze eraginkor bat egitea ere, nola ez; kultur munduko gainontzeko eragileekin elkarlana bultzatu eta sareak eratzea, zergatik ez; eskakizun linguistikoak betetzea, jakina. Eta bukatzeko, demagun, kultur produktuaren zabalkunde ireki eta doanekoa egitea, bereziki diru publiko hutsez egindako egitasmoa denean. Baina hori besteei eskatzen hasi aurretik, botere politikoak lehen lehenik bere buruari eskatu beharko lioke. Eta hori zaila eta neketsua da beti. Beti izan liteke errazago logo baten truk zorrak kitatzea.

Orain, krisi garaiotan, inork pentsatuko du, beharbada, nahiago lukeela logo hori kultur lanaren azalean jartzera inork behartuko balu. Diru-laguntza jaso duenaren seinale. Orain ez dago denontzat (lehen ere ez beti), edota gutxiagoa dago. Askoz gutxiago. Murriztu egin dira Kulturarako diruak, nola gainera. Baina hala ere kultur munduko inor gutxi kexatu da ahots gora. Salbuespenak izan dira, baina oroz gain,isiltasuna. Eta isiltasuna oso ozen entzuten da. Kulturaren beharrezkotasuna denok aipatu eta goraipatzen dugulako, bai, baina inork gutxik sinesten dugulako ziurrenik. Kultur aurrekontuetan jo ziren lehen aizkorakaden garaian kultur agintari politiko batek hala esan zuen irrati publikoan: etxean diru gutxiago sartzen bada zer sakrifikatuko zenuke zuk jatekoa edo liburua? Bere ahotik adina gizartearen ustetik ari zen hizketan. Zer da beharrezkoagoa? Alegia, zer sakrifikatuko dugu ekonomia edo kultura saila? Estrategikoa baino estrategikoagoa den halako azpiegitura edo antzerki sormenerako programa?

Arazoa dilema horren bidez planteatzeak dena esaten du. Alegia, kulturak ze garrantzia duen gugan. Ez du dirurik ematen-eta. Askatasuna, izpiritu eraldatzailea, pentsamendu kritikoa, sormena, emozioak, gozamena, komunitate zentzua, horiek omen kulturak ekar litzakeen irabaziak. Baina zertarako horiek diruaren lekuan? Zertarako horiek dirurik ezean? Kulturaren inutilidadea begien aurrean ageri zaigu. Hortik isiltasuna. Kulturako jendeak, agintari, eragile eta sortzaile askok, ez denak hala ere, larrugorritan ikusi du bere burua, kulturaren beharraren aldeko hitz bat esateko lotsa. Krisi garaiotan dirurik ez, logorik ez. Eta hala ere, kultura egunero sortzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.