Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Ekintza gizona

2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Jean Dujardin frantsesak gizonezko aktore onenaren Oscar saria eskuratu du The Artist-en egindako lanagatik. Zinemaren hastapenetan aktoreak baino beharrezkoagoak ziren akrobatak. Beti kritikatu izan zaie Van Damme edo Seagal aktoreei ez dakitela antzezten, baina zineman betidanik gizon maskulinoak izan dira jaun eta jabe. Zinemak mugimenduaren gorazarre egiten zuen, eta klasizismoan ekintza zen garrantzitsuena. Zinema mutuaren garaiko heroi maskulinoak indar fisikoaren erakustaldia egin behar zuen, eta, hortaz, interpretaziorako zuen gaitasuna ez zen hain garrantzitsutzat jotzen.

Garai hartako heroi paradigmatikoa Douglas Fairbanks izan zen, eta era guztietako arriskuei aurre egin behar izaten zien, esaterako, The Mark of Zorro eta Robin Hood abenturako filmetan. Heroia aktiboa eta ausarta izan ohi zen, eta ezinezkoak ziruditen balentriak burutzen zituen. Hasieratik amaierara ez zuen atsedenik hartzeko betarik edukitzen heroiak; beti mugimenduan aritzen zen. Heroia pelikula amaieran soilik gelditzen zen, eta heroiarentzat geldirik egotea hilda egotea bezalaxe zen. Gokuk ere ezin zuen ospitalean zegoenean geldirik egon, entrenatzera joaten zen ahal zuen guztietan.

Protagonista maskulinoa aktiboa eta ekintzailea zen, eta, horrexegatik, kirolariak, soldaduak, zirkuko artistak... kontratatzen zituzten protagonistaren rola interpretatzeko. Berdin zitzaien antzezle onak ziren ala ez, benetako gizonak izatea baitzuten bete beharreko baldintza bakarra.

Beste maskulinitatearen ereduak ere baziren Hollywooden, noski, baina baztertuak izan ziren; Rodolfo Valentino latin lover ospetsuak, esaterako, abenturako filmak egin baino lehen melodrametan jardun zuen, eta publikoak objektu desiragarri gisa ikusten zuen. Valentinoren xarma bere begiradan zetzan, eta maitasunak bultzatzen zuen egiten zuena egitera. Sentimenduei jaramon egiten zien, beraz, ekintzaren arrazoia ez zetorkion kanpotik, barnetik baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.