Erakusketa ia guztiak ikerketaren emaitzak eta ikusleari egiten zaizkion proposamenak dira. Askotan, ahaztu egiten zaigu artearen alderdi esperimentala. Hainbeste urtean artea espresio indibidualaren emaitza egoista eta onanista modutzat hartuta, zaila egiten zaigu zientzia laborategi antzeko zerbait ere izan daitekeela.
Ez dut kontenplazioa ukatu nahi; askotan, irudi baten zirrarak, koloreen arteko elkarketak, formek espazioarekin sortzen duten harremanak edo zerikusi handirik ez duten objektuen arteko elkarketak zoratzeko moduko sentsazioa sor dezakete; hau da, zoragarriak izan daitezke. Hala ere, artea bilaketaren, frogaren, akatsaren edo elkarlanaren emaitza izan daitekeela azpimarratu nahi dut gaurko honetan.
Hausnarketa hori guztia, Enbidia izeneko proiektuaren ekimenaren barruan ikusitako erakusketaren ondoren etorri da. Arte Ederren Fakultateko irakaslez osatutako ikerketa talde batek gizartea beraien bilaketaren parte egin nahi izan du, eta, horretarako, ikerketa unibertsitate esparrura mugatu beharrean, erakusketak antolatu ditu urte osoan esperimentatzen ari direna gizarteratzeko. Ezin dira ikerketaren emaitzatzat hartu, ez dira bidearen bukaera, ikerketa prozesuaren beste urratsa baizik.
Enbidia taldekoek ariketa berezi xamarra proposatu diote elkarri: normalean lantzen ez dituzten gai eta modu bakar bat erabiltzea artelanak osatzeko. Horren ondoren, erakusketa laburretan erakutsi, eta, azkenik, ikerketan erabili dituzten kontzeptu teorikoen gaineko eskemak eta hiztegia osatu.
Bilboko areto batean ikusgai jarri dituzte elkarren arteko erakusketak, eta horrekin ikuslea ikerketaren parte hartzera gonbidatzen dute. Artelanak ikusteaz edo gozatzeaz gain, gaiaren gainean pentsatu, artista bakoitzak ariketa nola konpondu duen aztertu eta esparru berri baten ezagupena zabaltzea proposatzen dute.
Ez da erraza artearen ikerketa prozesuak azaltzea, gehienetan (gehiegitan) emaitzari besterik ez diogu begiratzen, artistak egindako artelana miresteko eskaintzen zaigu museo edo arte aretoetan; zalantzan jarri gabe, helburuen eta emaitzen arteko harremana zein den aztertzeko aukerarik gabe. Oraingo honetan, proposamen ezberdin baten aurrean gaude; artisten ahaleginen pareko izango den ikuslearenak merezi duela iruditzen zait.
Artea. Begiz
'Enbidia'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu