Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Entzuten gaituenak

2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Disko berria jaso dut postontzian. Fields have ears (Another Timbre, 2011) du izena. Zelaiek ere belarriak dituzte. Michael Pisaro da egilea, eta izenburua bezain ederra du musika. Entzun bitartean pentsatuz gozatzeko eta gozatuz pentsatzeko beta ematen duten lan bikain horietakoa da. Beharbada, horregatik, ezin izan dio eutsi ez musikak, ez horren ondorioz gelako zoko guztiei darien lasaitasunak, ideien eta pentsamenduen erauntsiari. Eta musikak bultzatuta edo, nork nor entzuten duen pentsatzen hasi naiz. Musika entzuten dugun bitartean nork entzuten gaituen. XX. mende hasieran Luigi Russolo italiarrak Il arte dei rumori edo Zaraten artea manifestu ezaguna idatzi zuen gure —bere— entzumena etorkizuna aditzen jartzeko ariketa eginez. Konposatzaile futuristaren proposamenak gonbidapen zabal bezain arriskutsua bota zigun: entzun ditzagun hiriak eta bere zaratak. Entzun dezagun hiriak kontatzen digun hori eta topa dezagun zarata horien guztien artean gure belarrientzako musika. Entzun dezagun tren, motor, sirena eta bertzelako makinek —eta guk haiekin batera— sortutako etorkizuneko musika berria. Bertze garai batzuk ziren. Makina pisutsuen soinuetan, frekuentzia eta bibrazioez gain, mezu konplexuagoak entzuten genituen garaiak. Pisarok bukatu eta oraindik Russoloren harian kateatuta, momentu batez hiria entzuten jarri naiz. Ez dut topatu futuristaren belarriak piztu zituen berritasun haren arrastorik. Are gehiago, kontrako sentsazioa dut. Irudipen arraroa. Hiria entzuten nahi adina indar jarrita ere, berak entzuten nauela iruditzen zait nik bera baino. Inguratzen gaituzten soinu horiek guztiak ez dira jada XX. mende hasieran bezain kitzikagarriak, ezta berriak ere. Hiriak gure plazerera moldatu du bere kantua. Gure arreta etengabe erakartzeko, bip, plimp, eta bertze soinu elektroniko sofistikatuen bidez moldatu du bere ahotsa.

Eta orain, ez dakit Pisaroren ariketa poetikoak balio duen edo ez. Ez dakit landa zelaiek entzuten ba ote dakiten. Hiriek, aldiz, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.