Urte batzuk pasa ditugu elkarrekin borrokan bailara zoko batean, euskara eta gure kultur nortasuna zaindu nahian. Jada lurperatutzat emana zen kulturgune bat biziaraziz. Eñaut egituraren sortzaileetan izan zen, iparraldeko beste bi kulturgunekin batera. Hogei ta hamar urtez, bulego erabakitzailean ibili da. Bereziki partekatzen genuen puntu inozo edo utopista batek laguntzen gintuen bilkuraz bilkura, hitzordu batetik bestera, elkarteetan lege den bezala. Eñaut trebe zen irriño batekin, hautetsi edo enpresari bat konbentzitzeko. Haserre momentuak partekatu ditugu, behin baino gehiagotan, erakunde edo aditu deitu batzuen izpirituak ezin irekiz. Pozik sos zama edo purroska bat harrapatzean, ekintza arriskutsuak bideratzeko. Uros usu, ahal ekonomiko gutxirekin, artista, ikerlari, aditu eta talde borondatearen bidez, hainbat ekintza, sorkuntza, eztabaida edo bakarrik gau artistiko inspiratuak biziarazirik euskaraz.
Mende erdi batez, imintzi batean jasan du egunero, min jasan ezin bat zangoan, isilean. Ulertu ezina guretzat, nola eten gabeko kemen batek atxikitzen zuen.Urteak ez ziren ikusten, ez zituen aitortzen. Antzerkilaria baitzen ere. Kilometroak eta orduak eman ditu kantuan, antzerki edo hainbat engaiamendu politikoetan. Bai eta herriko besta, lagun arteko afarietan ere, iduzkia jaiki arte kantuz, mahai punta batetik entzunen genuen.
Azken hiru urteetan gure bideak ez dira gurutzatu arrazoiren bat edo beste hor, ezin gaindituak. Borroka gogorrenetan indartsu ikusten dena, ez da aise ahul sentitzea; norbera edo bestea. Eta guttittan amore ematen duen eritasunak Eñaut ere harrapatu du. Goizegi. Ez adiorik Enaut.
Iritzia
Ez adiorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu