Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Fedea

2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Iazko azaroan Mostra Cinematografica Galega No Pais Vasco ospatu zen lehenengo aldiz Donostia, Bilbo eta Gasteizen, eta egitasmoaren helburua azken urteotako galiziar produkziorik interesgarrienak jendeari ezagutaraztea izan zen. Orduko hartan 18 comidas (Jorge Coira, 2010), Mar libre (Dani de la Torre, 2010) eta Reliquias (Toño Lopez, 2009) proiektatu ziren. Datozen egunotan Galiziako beste hiru lanekin gozatzeko aukera egongo da Zarauzko Sortaldea Kultura Eremu berrian. Gaur, Malagako zinemaldian estreinatutako Doentes (Gustavo Balza, 2011) ikusi ahal izango da, bihar, berriz, 3-7 urte bitarteko haurrentzako A tropa de trapo, no pais onde sempre brilla o sol (Alex Colls, 2010) animaziozko filma proiektatuko da, eta etzi Vilamor (Ignacio Vilar, 2012) superprodukzioa-k itxiko du zikloa.

Azken horrek apaizgai eta emakume burujabe baten arteko maitasun istorioa du ardatz, baina egilearen helburu nagusia 1976an A Fonsagadra eskualdean eratutako komuna baten berri ematea da. Beste mundu bat posible zela amesten zuten gazte horien esperientzia berreskuratu nahi izan du. Vilarrek galiziar zinemagintzaren aldeko apustu garbia egiten du, eta uste du galiziarrek euren istorioak kontatzeko modu propioa bilatu behar dutela. Lacuesta, Rosales, Serra eta halako autoreek periferiatik erdigunea (Cannes, esaterako) konkistatu daitekeela erakutsi duten moduan, galiziar autore gazteek nazioarteko onespena eskuratu dute azken urteotan. Novo Cinema Galego mugimenduko proposamenak askotarikoak badira ere, denek iraganeko lengoaiarekin hausteko grina erakutsi dute, eta bide berriak jorratu nahi dituzte. Generoen arteko hibridazioa euren aldarri bilakatu dute, eta zinema (eta bizitza) birpentsatzeko prest agertu dira. Mundu berri bat imajinatu ahal izateko lengoaia berria asmatzea beharrezkoa da. Eta, dirudienez, Galiziatik Canneserainoko bidea oinez ere egin daiteke. Fedea besterik ez da behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.