Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu

Film teoria feminista

2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Mugimendu feministak teoria zinematografikoan eragin zuzena eduki zuen 70eko hamarkadatik aurrera, eta pixkanaka film teoria feminista deiturikoa eratuz joan zen. Zinemaren historia ikuspegi feminista baliatuz interpretatzearen beharra aldarrikatu zuten, eta, horretarako, ametsen fabrikako filmak ikertzeari ekin zioten. Hollywood klasikoko filmetan agertzen ziren estereotipoak kritikatzeaz gain, produkzio eta zuzendaritza alorrean aritu ziren emakumeen lana ezagutarazi zuten.

Sharon Smithek Women Who Make Movies liburuan zinemaren historia berri bat proposatu zuen, eta historia ofizialak kanpoan utzitako emakumezko aktore eta zuzendariak berreskuratu zituen; Dorothy Arzner Hollywoodeko egilerik esanguratsuenetakoa izan zen 30eko hamarkadan, eta Smithek haren figura aldarrikatu zuen. Historia berridazteaz gain, pelikula horietan emakumeen irudikapena nolakoa zen aztertzea garrantzitsua zen. Molly Haskellek From Reverence to Rape argitaratu zuen 1975an, eta garai klasikoan emakumezko protagonistek zituzten kontraesanak azaleratzen saiatu zen. Melodrama askotan emakume independente eta indartsuak ageri ziren, baina azkenean gizartearen egitura legitimatzen amaitzen zuten. Maitasun erromantikoaren ideiaren bidez emakumearen desira indargabetzea lortzen zen. Ikerketa gehienetan ikuspegi soziologikoa nagusitu zen, baina Laura Mulvey britainiarrak kontzeptu psikoanalitikoak baliatu zituen Visual Pleasure and Narrative Cinema-n. Haren ustez, emakumeek biktimarekin identifikatu beste aukerarik ez zuten, filmak gizonezkoentzat eginak zirelako, eta, heroi epikoaren figurari esker, nagusitasun sentipena sortzen zieten. Jackie Staceyk Mulveyren tesia kritikatu zuen, narrazioak zirrikitu ugari uzten zituela argudiatuz. Norberak filmean sortutako kontraesan horiek baliatu zitzakeen, ideologiari aurre egin ahal izateko. Ikuslea ez baitzen hasieran uste bezain pasiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.