Ez dago zalantza izpirik Euskal Herrian flamenkoak gero eta jarraitzaile gehiago dituela. Izan ere, Bilboko V. Flamenko Jaialdiak oso ondo erakutsi du hemen punta-puntako egitaraua antola daitekeela eta ikus-entzule askori interesatzen zaiela kantua, jotzeko era eta dantza.
Hasierako kontzertua Miguel Poveda flamenko kantari katalanak egin zuen, Campos Eliseos antzokian, eta azken lana aurkezteko baliatu zuen: arteSano. Haren alderdi jondo eta flamenkoenarekin gozatu genuen; hala ere, ez zuen kopla alde batera utzi: genero horretan osagai berriak ikertu eta erantsi ditu azken urteetan. Bi ordu pasatxoko emanaldian, mota guztietako kantuak entzun ahal izan genituen, segidillak eta verdialak, fandangoak eta soleak. Bukatzeko, hainbat garaitako autoreen kopla sorta bat eskaini zuen.
Parrilla de Jerez jotzaile jereztarrak eman zion ukitu zahar, aspaldikoa ikuskizunari, ikusle zorrotzenei hainbeste gustatzen zaien ukitu hori. Ostegun gauean bertan eta gaueko formatuan, antolatzaileek egun bakoitzerako formatu txikiko ikuskizun bat proposatu ziguten —Bizkaiko hiriburuko zenbait hoteletan izan ziren—.
Fernando de la Morena fidela izan zitzaion bere errepertorioari, eta, nahiz eta proposamena ezin hobea izan, egia da hotel bat ez dela toki ona flamenkoa entzuteko, ez soinuarengatik, ez gaueko garai horretan izaten den jendearen marmarrarengatik, egokiagoa baita zintzurra bustitzeko, kantuaz blaitzeko baino.
Jaialdiko bigarren egunean, dantzaren txanda izan zen; ordukoan, Manuela Carrasco mitikoarekin, edo, hobeto esanda, Manuela Carrascoren konpainiarekin. Nahiz eta prestatu zigun ikuskizuna egokiagoa zen flamenko egarri diren turistentzat, egia da Manuela handia dela oso, eta nahikoa da haren presentziarekin, eta are gehiago ingurua Guggenheim izanda —ez da aurreneko aldia gisa horretako ikuskizunak antolatzen direna leku horretan—.
Felipa del Morenoren eskutik amaitu zen gaua, Antonio Higueroren ukitu batekin.
Aurtengo Flamenko Jaialdia amaitzeko, azken eguna gitarra flamenkoari eskaini zioten; eta zein hobea flamenkoko eta musika garaikideko gitarrista bikainetako bat baino: Vicente Amigo. Azken diskoa aurkeztu zigun: Paseo de Gracia.
Ezequiel Benitezek agurtu gintuen datorren urtera arte, Antonio Higueroren gitarraren laguntzarekin; flamenkoaren jarraitzaile bilbotarren artean dagoen Jerezko eragina azpimarratu zuen, baita jendeari hainbeste gustatzen zaion herrialde horretako soinua ere, eta, batez ere, Santiaguero auzokoa, flamenko petoa baita.
Jaialdiaren barruan antolatutako gainontzeko ekintzak azpimarratu nahi nituzke: esaterako, Pepe Lamarca argazkilariaren erakusketa mitikoa —atzoko eta gaurko argazki flamenkoak erakutsi zizkigun, zuri-beltzean—; Enrique Morente maisuari buruz talde lanean egindako liburu testudunaren aurkezpena —Gabriel Nuñez Hervasen eskutik—; eta Pepe Habichuela Trioren kontzertua, zeinak ederki erakutsi zuen zenbat dakien eta nola dakien, ordu ez oso flamenko batean, 12:30ean.
Laburbilduz, ezin dugu besterik egin: bikain bat eman oraingoz Euskal Herrian dugun proposamen flamenkoenari, batez ere garai hauetan, zailak baitira edozein arterentzat ere.
Analisia
Flamenkoa arrakastatsu Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu