Kirmen Uribe.
Iritzia

Galburu bat hortzetan

2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Joan den mendearen bigarren erdialdeko poeta W.H. Auden izan bazen, zalantzarik ez dut XX. eta XXI. mende buelta honetako olerkaria Wislawa Szymborska izan dela, mendebaldeko tradizioan behintzat. Munduan gutxi izan dira berea bezain eragin handia izan duten poetak. Baita euskal literaturan ere. Ezin da ulertu mende hasierako euskal poesia Wislawa Szymborskaren itzala kontuan hartu gabe.

Ezusteko ederra izan zen hura ezagutzea 1996ko Nobel sariari esker. Ezagutzen ez genuen egile hark haize berria ekarri zuen poesiara. Biderkatu egin zizkigun poesia idazteko bideak. Harritu egin gintuen Ahizparen laudorioa izeneko olerkiko hizkuntza hurbilak, zoratu egin ginen Harriarekin solasean poemako metafisika argiarekin, mintzagai izan genituen bere hainbat eta hainbat poema. Bere lanak ez ziren beti molde berekoak, pentsamenduak, elkarrizketek, hizkuntza zientifikoak, den-denak zuen tokia bere olerkietan. Baita umoreak ere. Baina ezaugarri bat hautatuz gero, soiltasuna nabarmenduko nuke. Ondo gogoan dut Rikardo Arregi, Magdalena Wegzryn eta hirurok bere poema-sorta bat itzultzen ari ginelarik Magdalenak uneoro ohartarazten zigula, «Szymborskak haurrei hitz egingo balie bezala idazten du, soil-soil». Eta badiot soiltasun hori ezezaguna zela gurean eta inguruko tradizioetan, aurkikuntza bat, Europa hegoaldean oso ohituta baikeunden olerkia gehiegi apaintzen.

Szymborskak polonieraz idazten zuen Ceslaw Milosz handiak bezala. Baina ez zuten ia zer ikusirik. Milosz Estatu Batuetan hil zen eta Szymborska Polonian. Miloszek uste zuen poesia epifania dela, goitik datorren errebelazioa; Szymborskaren poesiak, aldiz, gizakia du erdigune, poesia zibikoa da berea, eszeptikoa maiz. Azken liburuak Hemen zuen izenburu. Eta «hemen» hori Lurra da. Munduak arduratzen zuen eta polonieraz idatziz munduari hitz egiten zion.

«Belarra hazi berri da / Kausen eta Efektuen gainean. / Norbaitek hantxe etzan behar du, / eta, galburu bat hortzetan, / hodeiei begira egon». Horixe idatzi zuen Szymborskak. Geuk ere horixe egingo dugu aurrerantzean, galburu bat hortzetan hodeiei begira jarri eta bere aurpegiera onbera eta bihurrian pentsatu. Mila esker, Wislawa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.