Ismael Manterola
Artea. Begiz

Gerrilla

2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Kezkatuta sumatu ditut BERRIAko zutabegileak Gerrilla Girls taldeko kide baten hitzaldiaren ondoren; Bilbon esandakoak eragina izan duela dirudi, urriaren 9an, asteartean, Josebe Iturriozek Larrepetit-en eta Jon Eskisabelek Ilaran-en emakumeak artean duen tokiari buruzko hausnarketa gaitzat aukeratu zutelako.

Dakizuen modura, Gerrilla Girls ezagunak egin ziren 80ko hamarkadan emakume artisten lanak erakundeen aldetik jasotzen zuten bazterketa salatzen zutelako. Kartel handien bitartez AEBetako museoetan emakume artisten lanen hutsuneak salatzeaz gainera, bertako koadroetan azaltzen ziren biluzien artean ehuneko handiena emakumeenak zirela zioten.

Gerrilla Girlsen gorila mozorroa prentsako argazkian ikusi nuenean déjà vu sentsazioa izan nuela aitortu behar dut; Artelekun 90eko hamarkadan ikusitakoa eta entzundakoa berriz begi aurrean neukala pentsatu nuen, nagi pixka batekin egia esateko.

Baina, BERRIAko artikuluak irakurri eta hausnarketarako tartea hartu ondoren, ondorio ez atseginetara iritsi nintzen: zoritxarrez oraindik Gerrilla Girlsen beharra dugu. Emakumeen inguruko normalizazioa arte mundura aspaldian iritsi zela iruditzen zitzaigunean, berriz ere gorila mozorrodun emakume batek garrasi egin behar digu ez dela egia aldarrikatzeko.

Egia da teoria denok ikasi dugula, baina zer aldatu da praktikan? Noizko dira museoen erosketa eta egitarau plangintza orekatuak? Noiz iritsiko dira emakume artisten lanak eskoletara eta unibertsitateko irakasgaietako egitarauetara? Zeren zain gaude onartutako diskurtso feminista praktikara eramateko?

Orain dela urtebete juxtu Haizea Barcenillak A*desk izeneko aldizkari digitalean artikulu interesgarria argitaratu zuen museoen erosketa politika genero ikuspegitik aztertzeko. Million Dolar Baby izeneko artikuluan Barcenillak Bilboko Arte Ederren Museoan emakumeen artelanek duten presentzia aztertu zuen, baina batez ere zer motatako artelanak erosi diren azken 10 urtean. Ondorioak penagarriak dira, kontuan izanda Euskal Herrian azken urteetan ez dagoela aitzakiarik emakumeen artelanak erosteko, ez kalitate, ezta kantitate aldetik ere. Depresioan gehiago sakondu nahi duenarentzat hona hemen artikulua irakurtzeko helbidea:http://www.a-desk.org/spip/ spip.php?article1188

Quosque Tandem!... (Noiz arte!) idatzita laga zuen Oteizak bere liburu ezagunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.