Abenduaren 27an Helen Frankenthaler artista estatubatuarra hil zen, 83 urte beteak zituela. Hala ere, komunikabideek ez dute zalaparta handirik egin; ez behintzat beste artista batzuen heriotzaren aurrean izaten duten nekrologika eta artikulu bereziak.
50eko hamarkadan Amerikako Estatu Batuetan Color Field edo «kolore eremuen» asmatzaileetako bat izanda ere, Frankenthalerren ibilbideak ez zuen merezitako oihartzunik izan, seguru asko emakumea zelako. Morris Louis eta Kenneth Noland eskuliburuetan eta arte historiako egitarauetan jasotako artista amerikarrak dira, Frankenthaler berriz ez. Nik neuk ere ez nuen ezagutu Bilboko Guggenheimen 1998ko erakusketa ikusi arte. Bertan harrituta utzi ninduten emakumearen koadro handiek. Ezin nuen sinetsi horrelako artista handiaren lana ez ezagutzea.
1952an Mountains and Sea delako koadroa pintatu ondoren, ezaguna egin zen abstrakzio amerikarra izeneko joeraren barruan, batez ere Clement Greenbergen (garai hartako kritiko eta teoriko boteretsuena) arreta jaso zuenetik. Garai hartan, AEBak pintura joera berria eta berezkoa sortzeko asmotan zeuden, eta abstrakzioan eta espresioan oinarritutakoa izango zela zirudien. Testuinguru horretan ulertu behar dugu Frankenthalerren lana. Pintatzeko eran Pollocken eta beste artista batzuen eragina jaso bazuen ere, uretan disolbatutako koloreak erabiltzen zituen prestatu gabeko oihalen gainean jartzeko, eta horrek urmargoen itxura ematen zien berez olioz pintatutako tamaina handiko koadroei. Teknika horren bidez, koloreak eremu zabalak hartzen zituen forma barrutik ihes egin arte. Hortik dator lehen aipatutako Color Field edo kolore eremuko pintura izena; gero Louisi eta Nolandi fama eman ziena, alegia.
Askotan ematen du Frankenthalerren pintura Pollocken eta De Kooningen espresioz betetako abstrakzioa eta Nolanden eta Louisen kolore eremuen arteko zubia dela, Frankenthalerrek ez duelako zeharo baztertzen keinua eta pintzeladaren aztarna, nahiz eta koloreak mihisearen esparru zabalagoak betetzen dituen. Greenbergen formalismo estua gainditzen zuen pintura eskaini zigun Frankenthalerrek, baina ez zuen bere garaiko beste artista gizonezkoen ezagupena lortu. Hain zuzen, Wikipedian begiratuz gero, Frankenthalerri eskainitako artikuluan Greenberg kritikoarekin eta Robert Motherwell artistarekin ezkonduta egon zela azpimarratzen da, baina Greenberren artikuluak ez du behin ere Frankenthalerren izenik aipatzen. Badirudi emakume artisten kasuan ezkonduta egoteak garrantzia duela eta gizasemeen kasuan ez.
Artea. Begiz
Helen Frakenthaler
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu