Helsinkin egitekoa zen Guggenheim museoa ez da egingo udalbatzak kontra bozkatu duelako, eta udalbatzak kontra bozkatu du herritar gehienak egitasmoaren aurka agertu direlako, bereziki kultur mundukoak. Martxoaren lehenean, orain bi hilabete pasatxo, eman zion Bilboko Guggenheim museoak placeta, baimena, eskubidea, onarpena, oniritzia Finlandiako hiriburuan eraiki behar zen museoari. Hori bai, aurretik baldintza jarrita: New Yorkeko Guggenheim museoko bilduma eta erakusketak Europan erakusten lehena Bilbok behar zuela izan. Bilboko museoko zuzendari eta Guggenheim marka munduan zabaltzeko fundazioaren buru Juan Ignacio Bidartek esan zuenez, Helsinkik ezin zuen inondik inora mehatxu izan Bilborentzat. Hortik baldintzapena. Eta beti arrazoia izan dutela berresten zuen froga bat: «Bilboko Guggenheim museoaren eredua balioan jarri eta ezagutu egiten du Helsinkiko egitasmoak».
Ez da ba Bilboko eredua balioan jarriko, ezta oraingoan ere. Salzburgon, Rio de Janeiron, Seulen, Guadalajaran eta munduko beste hainbat hiriburutan ere izan dira museo beraren frankiziak egiteko proposamenak. Horietatik bat berak ez du aurrera egin. Berlinen erakusgune bat zabaldu zen orain hamabost urte, baina aurten itxiko ditu ateak. Ezin izan da Bilboko eredu ona frogatu. Salzburgokoa bereziki polita izan zen: orain Helsinkin bezala, bertako hiritarrak erabat kontra agertu ziren, eta orduko hartan Guggenheim museo nagusikoak, New Yorkekoak alegia, salzburgotarrak «hezi beharraz» ohartu ziren, eta komunikazio, informazio eta publizitate kanpaina handi bat jarri zuten martxan. Ezta horrela ere. Helsinkiko herritarren heziketa ezaz oraingoz ez dute ezer esan.
Agian, gaizkitxo ohituak zeuden Ameriketako guggenheimdarrak euskal herritarrokin. Ez zuten gu hezi beharrik izan, hain ginen esaneko. Orduko New Yorkeko zuzendari nagusi eta Bilboko operazioaren bultzatzaile Thomas Krensek hitzez hitz esana: «Euskal herritarrak eskutik dabilzkit. Ezin dut sinetsi».
Bilbokoak ez du, beraz, mehatxurik izango. Ezta goraipamenik ere. Helsinkin ez dute Guggenheimen artelanik nahi. Bi arrazoi eman dituzte halako erabakia hartzeko: egitasmoa garestiegia dela eta bertako arte munduari kalte egin diezaiokeela. Inori ez al zaizkio kultur kezka horiek ezagun egiten?
Nago, hamabost urteko ibilbidearen talaiatik begiratuta, Euskal Herrian izan ziren kezka bertsu horiek egiaztatu baino ez direla egin. Uste dut baietz, dirutza gastatu zela eta gastatzen dela atzerrira begira bizi den museo bakar batean; euskal artistak ez gurean ez atzerrian zabaltzeko benetako borondaterik ez dela izan bildumara sortzaile batzuen lanak bildu badira ere; bertako kulturari ez diola aparteko bizi-berritzerik ekarri; ez garela kultura jantziagoak orain, etc, etc. Besterik da dagoeneko inori inporta ote zaigun hori dena, bertako kultura bizirik atera da (ozta-ozta bada ere) inoizko diru murrizketa erraldoiena (gaurko krisiak eragindakoak txiki geratzen dira ordukoen aldean) ekarri zion museoaren azpian, denok joaten garela Bilboko museora eta gozatu ere bai tarteka, orduan xahutu zen dirutza beste zerbaitetan gastatu izan balitz pentsatzeak buruko mina eragiten digula, nekatuegi gaudela kaka bera esplikatzen segitzeko, egina dagoela eta kitto, etc, etc.
Orduko kritikek eta kezkek arrazoi zuten edo dute, bai, baina ez zen aurreikuspenetan asmatu. Demagun, Robin Cembalest arte kritikariak porrot erabatekoa izango zela esanez idatzi zuen honako hau: «Guggenheim bat, bertako kultur edukirik gabe, aberrazio bat da». Arrazoi, baina aberrazioak arrakasta izan dezake, bistan da. «Egitasmo honek konnotazio kultural ahulak dituen herrialde batean baino ezin du arrakasta izan», hurrengoa. Eta gurean izan du, Salzburgon eta Helsinkin ez bezala. Ez al dugu gure kultur ondarea benetan estimuan beste horiek ez bezala? Ez al dugu maite? Hain kolonizatuak al gaude, kanpotik esan behar digute zerk balio duen eta zerk ez? Balio ote dugun edo ez? Hain sumisoak ote gara?
Milioi bat lagun joaten da urtero museora, nahiz horietatik Bilbotik kanpoko euskal herritarrak gutxienekoak diren, eta beraz esan daitekeen dirua jarri zutenek ez dutela bere museotzat. Bilbo eraldatu du, berritu, garbitu, turisten sarobe bihurtu. Ados. Hori arrakasta handia da, kulturarena ote den beste kontu bat da. Badakigu, orain ezin da Guggenheimen kontra ezertxo ere esan. Dena da urre, dena da onura, dena da irabazia. Eta horregatik da hain harrigarri Helsinkin nahi ez izatea, bertako herritarrak hain itsu egotea, eta harrigarriago bertako herritarrek erabakia atzera botatzeko gaitasuna izatea. Hain hezigabe izan al liteke? Nola egiten da hain hezigabe izateko?
Katuajeak
Hezigabeago bagina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu