Pentsatzeko gaia eskaini zidan Anjel Lertxundiren Inexistentzia izeneko artikuluak aurreko otsailaren 8an.
Tapies hil zela eta, Euskal Herriko artearen munduak euskaraz idatzitako informazioa kontuan hartuko ote zuen euskal artistaren bat hiltzean edo hari buruzko ikerketan galdetu zion bere buruari. Aspaldian buruan dabilkidan kezka beste batzuen buruetan ere badagoela konturatzen naiz, eta nik uste dut euskal arteak ez dakiela ezer euskaraz eta ez alderantziz, Lertxundik formulatu zuenaren arabera («Balirudike euskarak ez dakiela ezer euskal arteaz»).
Arteari buruz euskaraz idatzitakoa, Euskal Herrikoari zein kanpokoari buruzkoa, ez du kontuan hartzen mundu akademikoak eta ikerketak. Norbait bizitza guztia arteari buruz euskaraz idazten pasatuta ere, ez litzateke nahiko izango serio hartzeko artearen mundua izeneko sistema horretan.
Adibidez, arte katalogoetako testuak eta egunkarietako kritika idazten dugunontzat zaila da inork kontuan hartzea, alde batetik egunkarietako kritikak inork irakurtzen ez dituelako eta katalogoetarako testuen kasuan, erakundeek guztia itzultzeko duten ohituraren ondorioz, euskaraz idatzitakoa oharkabean pasatzen delako. Erdaldunak euskaraz idatzitako testu baten aurrean daudenean zerbait galtzen ari direla sentiarazteko, zer egin beharko genuke?
Bestalde, ez dago artea eta euskara lotzeko proiekturik, ez erakundeen aldetik, ezta ekimen pribaturik ere. Gutxi gara eta ia guztien lan baldintzek gaztelaniaz —edo frantsesez suposatzen dut— idaztera eta ikertzera bultzatzen gaituzte. Ez gaitezen inozoak izan; Espainian eta Frantzian erdaraz egindako lana saritzen da eta beste hizkuntzetan egin nahi dena oztopatzen da. Guk, bitartean, Euskal Herriko arte munduak diot, Madrilen daukagu begia jarrita: ARCOra joango gara, bertan eskatuko ditugu lan egiteko laguntzak, bertatik ekarriko ditugu adituak, erakusketen erreferentziak bertan egongo dira eta bertan homologatuko zaizkigu gure museoak, galeriak eta profesionalak.
Hala ere, Anjel Lertxundiren galderara bueltatuta, eginda dagoenari, eta jadanik ez da gutxi, zergatik jarraitzen du bitxikeriatzat begiratzen edo ez ikusiarena egiten arte munduko begi hipermetrope horrek?
Artea. Begiz
Hipermetropia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu