Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Historia zinemaren bidez

2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Datorren astean Euskal Herriko Unibertsitateak eta Valentin de Foronda Gizarte Historiarako Institutuak antolatutako Historia zinemaren bidez egitasmoari hasiera emango zaio Gasteizko Artium museoan. Helburua zinemaren bitartez historia herritarrei ezagutaraztea da, eta horretarako, historia eta zinema gaietan adituak direnek hitzaldia eskainiko dute filma amaitu ostean. Historia irakasteko metodo eraginkorrenetakoa izan daiteke zinema, eta urtero legez, historiaren inguruko eztabaida sortzea da jardunaldien helburu nagusia.

1808-1814 bitarteko independentzia gerrari buruzkoa da aurtengoa, eta lau film proiektatuko dira. Datorren asteartean Garciren Sangre de mayo-ren lehen atala ikusi ahal izango da, eta asteazkenean, bigarren zatiarekin filmari amaiera emango zaio. Ondoren Jose Maria Ortiz de Orruño historia garaikidean doktoreak hitzaldia eskainiko du. Sangre de mayo (2008) Perez Galdosek idatzitako Episodios nacionales bildumako La Corte de Carlos IV eta El 19 de marzo y el 2 de mayo-n oinarritzen da. Berrehungarren urtemuga zela eta Madrilgo Erkidego Autonomoak 15 milioi euroko aurrekontua zuen proiektua enkargatu zion Garciri Espainiako heroiei omenaldia egiteko asmoz. Urriaren 23an Agustina de Aragón (Juan de Orduña, 1950) ikusteko aukera izango da, eta 24an Bruc, el desafío (Daniel Benmayor, 2010) filmak emango die amaiera jardunaldiei. Tomas Valero Bartzelonako unibertsitateko irakasleak Orduñak zuzendutako lana izango du hizpide eta Antonio Moliner Bartzelonako Autonoma unibertsitateko irakasleak Bruc, el desafío-ren osteko hitzaldia emango du. 19:00etan izango da eta sarrera doakoa da. Historia ez da soilik testuetan oinarritzen, irudia ere dokumentu historiko garrantzitsutzat hartzen baita gaur egun. Garai bateko bizimodu eta pentsamenduaren inguruko informazioa gordetzen dute irudiek, eta milioika dokumentu existitzen dira zinematografoa sortu zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.