Ismael Manterola
Artea. Begiz

Historiaren irakaspenak

2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Alvar Aalto arkitektoak Saynatsalo izeneko herriko erdialdea eraikitzeko enkargua jaso zuen 1949an, lehiaketa irabazi ondoren. Finlandia erdialdeko herri txiki hori egur fabrika handi baten inguruan hasi zenez, ez zuen hiri egiturarik, eta, horregatik, herriko udalak finlandiar arkitekto ezagunenari funtzionala eta sinbolikoa izan behar zuen eraikuntza multzoa diseinatzea enkargatu zion.

Aaltok primeran bete zuen egindako eskaera, eta, udaletxea eta beste zerbitzu publikoak eta pribatuak hartzeko, barruan plaza antzekoa zuen eraikuntza multzo karratua antolatu zuen basoaren erdian. Han egon behar zuten udal bulegoak, liburutegiak, udaleko langileen etxebizitzek, herriko dendak eta beste zerbitzu batzuek, tartean bankuak.

Udaletxeari garrantzia emateko eta herriaren zentro sinbolikoa bereizteko, pleno aretoak dorre moduko forma du, beste multzo guztiaren gainetik, Italiako Erdi Aroko hirien modura. Aaltok garbi utzi nahi zuen publikotasunaren garrantzia edo komunitatearen nagusitasuna, beste zerbitzu pribatuen gainetik. Baso artean galduta egon arren eta tamainaz txikia izan arren, gizakien arteko bizitzak gidatzen zuen Saynatsaloko herria.

Hala ere, handik urte batzuetara, Aaltok hainbeste zaindutako proiektuak aldaketa txiki bat jasan zuen, bankuak neonezko hizkiz osatutako kartela jarri baitzuen.

Alvar Aaltok ez zuen begi onez ikusi horrelako interferentzia bere proiektuan, bizitza komunala sinbolizatzen zuen dorreari garrantzia kentzen ziolako, eta, horregatik, bankuari koloretako hizkiak kentzeko eskatu zion. Noski, bankuak ez zuen arkitektoaren eskaera kontuan hartu, eta argiztatutako kartelarekin jarraitzekoasmoari eutsi zion. Horrek Aaltoren haserrea piztu zuen, eta, bertara joanda, konponbide errazetik jo zuen, eta neona harriz puskatu, 1954an. Arkitekto ezagun eta serio baten jarrera bandalikoak Finlandiako gizarte zibilizatua eta neurriduna harritu zuen.

Bankuak salaketa jarri ondoren, Alvar Aaltok epaiketari aurre egin behar izan zion, nahiz eta auzia bere jarrera azaltzeko aproposa izan zen. Han azaldu zuen ez zuela onartuko interes partikularrak balio kolektibo demokratikoen gainetik jartzea, eta horregatik egin zuela gaitzesgarria zirudien ekintza. Gaizki egin izana onartu arren, ekintza justifikatzeko defentsa legitimoaren eskubidea argudiatu zuen. Epaiak isuna ordaintzera behartu zuen Aalto, baina bankuak neonezko argiak kendu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.