Kantari entzutetsuek eurek ere behin eta berriro aitortzen dute. Ama, amona edota izebengandik ikasi zutela kantatzen. Euren arrebek ere lehenago eta hobekiago ikasiko zuten. Inork ez du emakume horien izenik ez aurpegirik ezagutzen, ez ditugu inoiz plazan ikusi, ez eta emakume horien alabak ere, ez telebistako musika programetan, ez jardunaldietan, ez jaialdi handietako oholtzetan, ez egunkarietan.
Irakurri berri duzun pasartea —inork lapurreta antzeman aurretik aitortuko dut egiletza—, Lorea Agirrek iaz idatzitako Sukaldariaren ametsak artikulutik hartu dut, ia hitzez hitz. Sukaldari jartzen zuen lekuan kantari jarrita, eta beste aldaketa gutxi batzuk eginda, doi-doi egokitzen zaio Maddi Oihenartek ezagututako esperientziari. «Gertatu izan zait kantu txapelketa baten ostean ostatura joan, 30 gizon mahai luze baten inguruan topatzea eta haietariko bat buruz plantatzea nire aurrean eta erronka botatzea: ea hau ezagutzen duzun! Batzuetan banekien, eta beste batzuetan ez… Baina beti frogatu behar. Kantua gizonen gauza bat zen; alta, bakoitzari galdegiten diogularik nork erakutsi zion kantatzen, gehienek amatxi edo ama aipatzen dute. Baina gero, ostatuan, edo kantu txapelketetan, edo merkatu ondoren, gizonak ziren agertzen». Emakumeak entzuteko, sukaldeetan sartu edo elizara joan behar.
Mintzolak antolaturiko Umorez: generoa bertsolaritzan jardunaldiak kantari zuberotarrak itxi zituen joan den ostegunean. Gure txikitasunak sortzailearen eta hartzailearen arteko harremanean sakontzeko aukera ematen du, disko, liburu, film, antzezlan edo erakusketa baten promoziotik landa. Zuzeneko emanaldietan ez da eroso sentitzen Oihenart—«beti izaten da nire kontrako gauza bat, eta, hala ere, aldi oro joaten naiz, beti kontradikzio horrekin»—, baina are gutxiago, «batere ez», gustatzen zaio jendaurrean hitz egitea. Hortaz, Mintzolakoa aukera aparta zen Villabonara gerturatu eta Oihenarti buruz, eta Oihenartengandik, gehiago ikasteko. Esaterako, kantagintzak eraman zuela euskara ikastera, «hitzak ez badira ulertzen ezin baita barneko emozioak eta sentipenak jario», eta euskarak «beste mundu bat» ireki ziola, hala kulturala nola politikoa: «beste aldean Euskal Herria bazenik ere ez nekien». Horregatik, euskaraz egiten ez duten haurrak kantu txapelketetatik baztertzeko erabakiaren aurka egin du luzaz, «horiek ere euskara ikas dezakete kantuaren bidez, hortik bide bat irekitzen ahal da».
Ez du erraza izan, baina Oihenarten ahotik ez da kexurik ateratzen, esker oneko hitzak eta irriak baizik. Umiltasuna transmititzen du. Artzainek iluntzeetan mendiaren beste aldetik entzuteko gisan abestu ohi zituzten basa aireetako bat kantatu zuen hitzaldiaren une batean, eta hura amaitu eta txaloak lehertu aurretik burua beheititu eta barkamena eskatu zuen «apala» gelditu zitzaiolakoan.
Ez du erraza izan, hasteko eta behin emakume kantari gisa onartua izateko. Gizonek onartua, erran nahi baita. Mixel Etxekopar eta Mixel Arotzerekin batera hasi arte itxaron behar izan zuen. Haiekin «elkarrekiko kantuaren plazera» sentitu zuen, eta horrek esan nahi zuen «gizon horiek onartzen zutela emazte batekin kantatzea». Ondoren, Hego Euskal Herriko musikariekin grabatu ditu diskoak azken hamar urteetan, eta horrek bere izenaren oihartzuna zabaltzea ekarri badu ere, tradizioaren eta garaikidetasunaren artean hainbat zuberotarrek duten gatazkaren erdigunean jarri du. Antza, gizonezkoak ere ez daude horretatik libro. «Bedaxagarrek azken diskoa egin zuelarik [Auñamendi] esan zioten ez zuela zuzen kantatzen, faltsua zela bere ahotsa. Eta bera oso kezkatua zen horrekin, bere gogoa baita lehenagoko bidearen atxikitzea, eta urrunago eramaitea eta transmititzea», azaldu zuen Oihenartek. «Niri ere oso zaila zait transmisio hori». Izan ere, garai batean zuberotarrek ezagutu zuten kantua, «erritmorik eta metrikarik gabekoa, oso modu librean den kantu mota bat», desagertudela dio barkoxtarrak. «Musika tresnek ez dituzten tonu batzuk erabiltzen zituzten lehengo kantariek, grabaketa zaharretan [Sü Azïa elkartearen artxiboan lan egiten du Oihenartek] asko entzuten da hori, baina orain denak tresnak erabiltzen hasi dira, eta kantu mota hori galdu da». Eta ez dirudi itzuliko denik. «Hain da aldatu kantua, gazteentzat ere zaila dela entzutea».
Haatik, kanturako zaletasuna osasuntsu dago. «Kantaldiak usu antolatzen dira, eta mila pertsona elkartzen dira. Eta Zuberoan ez dira hemen bezalako hiri handiak! Jende guztiak maite du kantua, oso hurbil eta beharrezko dugu». Eta orain neskak dira kantuan aritzen direnetan gehiengoa, dantzan bezala. «Puristek ez dute inolaz ere onartzen, baina horri esker dantza bizirik dagoela esaten diegu». Horietariko zenbaten izena eta aurpegia ezagutuko dugun, denborak esango du.
Ilaran
Hurbil eta beharrezko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu