Idatz al daiteke BERRIArako artikulua greba egun batean? Idatz al daiteke arteari buruz eskubide sozialak arriskuan dauden garaian? Idatz al daiteke arteari buruz Euskalduna ontziola zegoen tokitik metro eskas batzuetara bukatutako manifestazioan egon ondoren?
Hain zuzen, desagertutako Euskalduna ontziola zegoen tokian gaur egun kultur azpiegitura dago. Arteak, eta kulturak oro har, Euskal Herriko fabrikak ordezkatu ditu azken urteetan; edo kultur eredu batek esan beharko genuke. Ekonomiarentzat motorra izan behar zuen kultura da azken urteetan erakundeetatik zabaldu eta ordaindu dena. Orain, berriz, kultur azpiegiturarako eraikitako edukiontzi eder horiek ez omen dute aurrera egiteko dirurik. Zerbitzuen edo hirugarren sektorearen motor ekonomikoak ez omen du uste bezalako emaitzarik izan, eta produkzioan oinarritutako ekonomiak hobeto jasaten omen du krisia. Baina, produkziorako enpresak gero eta urrutirago eraman ditugunez, ez daukagu sare industrialik beste tokietako produkzioari aurre egiteko, merkeago egiten dutelako.
Zulo ederrean sartu gaituzte azken 20 urteetan gobernuan edo gobernuen atzean egon direnak. Orain, denok egin behar omen dugu sakrifizioa. Ez omen dago ongizate estatua mantentzeko dirurik. Beraz, luxuak direnak baztertu eta oinarrizkoenak diren beharrei erantzun beharko die estatuak. Artea, eta kultura besterik gabe, apaingarri hutsa denez, alde batean baztertuko dugu, garai oparoagoen zain. Denok dakigu garai horiek ez direla bueltatuko eta orain desagertzen dena ez dela berreskuratuko. Ongizatearen estatuan kulturak toki handia duela uste genuen, baina jendea entretenitzeko besterik ez zuela balio konturatzen gara, kontsumorako beste gai bat.
Euskalduna ontziolaren ordez eraikitako Euskalduna jauregian zer egiten den ikusi besterik ez dago. Kultura burgesaren ondorengoak diren opera emanaldiak, zirkuitu handiko kantaldi eta antzerki lanak (gaztelaniazkoak gehienetan) eta abar. Ibaiertzean gora Guggenheim museoa dago. Ikuskizun diren erakusketak eta asteburuko musika jai modernoak kenduta, zaila da hemen ere beste mota bateko arte ekintzak topatzea.
Bilboko ibaiaren beste aldean, Zorrotzaurreko ZAWP delakoari buruz idatzi zuen Jon Eskisabelek asteartean: zeharo ezberdina den eredu bati buruz, artearen inguruko jendeak eraikitako proiektu autogestionatua. Berriz ere oinarritik sortutako kultur produkziora bueltatzea ez da txarra, baina horrek euskaldun askok ondo ezagutzen dugun egoeraren arriskua dakar, bi aldiz ordaintzen ditugula jasotzen ditugun zerbitzuak, alegia: zergen bitartez lehendabizi (kontsumorako kultura mantentzeko) eta gure diruen «unean uneko ziztaden» bidez, interesatzen zaigun kultura mantentzeko.
Artea. Begiz
Ibaiaren beste aldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu