lander garro
Literatura. Hirudia

Idazle borreroak

2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Aste honetan berriz hitz egin dute idazle zenbaitzuk beste idazleon isiltasunari buruz. Horretaz jardun dute urteetan eta urteetan ETAren kontra jarduteagatik ohoreak, sariak eta sosak zakuka jaso dituzten idazle eta kultur eragile kaskar guztiek. Literaturaz jarduteko foro batean, etika berriz aztergai. Eta ez inor laudatzeko, ez bada gu guztiok, euskal idazleok alegia, zaldien oinetara enegarrenez bultzatzeko. Zaldien oinetan, denok geure izuen gordelekuan ongi txertatuta daukagunez, ez daude zaldien ferrak bakarrik, badira beste mehatxu asko ere, esaterako kateak eta galerak, esaterako tormentua eta deserria. Mendeetan ikasi dugu, salaketaren hatza geureganatz zuzenduta ikusten dugunean, haren atzean zer dagoen. Eta idazleak dira errudunak zeintzuk garen esaten dihardutenak, gauez eta ezustean poliziak agertzen direnean ez daitezen atez tronpatu.

Robert Brasillach idazle frantziarra oroitarazten didate Luisa Etxenikek eta Luis Haranburu Altunak. Naziek okupatu Frantzian, indar okupatzaileak kaleetan eta bazterretan juduen bila zebiltzan bitartean, idazleak jazarpen hura zuritzen eta laudatzen zuen. Naziek askatasuna eta justizia ekarriko zioten Frantziari eta munduari. Indartsuenarekiko lilurak itsututa bizi zen Brasillach, nazien parafernalia armatuak liluratuta. Naziak ez ezik, Franco ere laudatu zuen, eta faxista ttattarraren gorazarre egin zuen askotan. Pentsatzekoa da, beraz, Francoren polizia zen Guardia Zibilari buruz ere hitz goxoak idatzi zituela. Sinetsita zegoen garaipen totalean, baina aritmetikak huts egin zion, eta naziak ostikoka Frantziatik kanporatu zituztenean, idazlea atxilotu, eta, bere zerbitzuak behar bezala pagatzeko, fusilatu egin zuten, De Gaulle generalaren agindua betez. Akabo gaueko ezpata soinuaren aldeko ahots desafinatu hura. Goian egon bedi.

Badu botere totalitaristak zerbait erakargarria berez eta merituz nabarmentzen ez diren idazleentzat. Hilezkortasun ukatuaren promesa. Idazlea izaki ahula eta galdua da, badaki gorputzaren bizitza laburraz, izu da, nahi luke bera ez bada bere testuak gera daitezen, bere izenak besteen memorian iraun dezan, baina distira eta artea falta du horretarako. Ai, zein zaila den idazle handien, ahanzturaren bazka ez diren horien luma zorrotza imitatzea! Eta hilezkortasuna temaz eta gupidagabeki ukatzen zaienean, arrakasta hitzaren bidez lortuko ez dutela ikusten dutenean, horra non jotzen dute kas-kas munduaren gidaritza daukatenen atea. Gerokoa erraza da, boteretsuaren arrazoiak ikastea besterik ez zaie geratzen, eta arrazoiak, arma biltegiak handiak dituztenez, ez dira ugari. Ez ditu arrazoiak behar armak dituenak.

Botereak, bestalde, ez du haiengandik edertasunik espero, ez die ezinezkorik eskatuko. Gauza bakarra eskatuko die: salaketaren hatza erabil dezatela. Nor edo nortzuk dira gaiztoak, nor edo nortzuk jarri beharko genituzkeen zerrenda beltzetan, galeretan, hilkutxetan. Esan dezatela guztien aurrean. Kito. Are gehiago eskatuko die: botereak berak egiten dituen zerrenda beltzak zuritu ditzatela. Gaizkileak benetan gaizkile direla ozen eta denen aurrean esan dezatela. Idazlea borrero bilakatuta. Hortik aurrera berdin zaie idazleak idazten segitu nahi duen edo oporrak Saloun pasa nahi baditu. Poetak esan zuen bezala, «Intxaurrondoko kalabozoetan nork ezagutzen du Hermann Broch?».

Gauzak nola jarri diren ikusita, proposamen bat egin nahi nieke geure agintariei. Bilbon Arestiren estatua kendu zutenean geratu zen hutsunean jar dezatela Robert Brasillachen irudia, eta eska diezaiotela poema bat beren kamerako poetaren bati. Gustura egingo du. Biharko eskoletako testu liburuetan bere argazki zuri-beltzekoa agertuko da, ikasi beharrekoidazle handien zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.