Zinema. Fantasien gatibu
Ikonoaren gaitzespena
Bada zinema bakar batean estreinatzen den lanik ere. Adam Resurrected Trueban soilik ikusi ahal izan da. Ez da. inolaz ere, Paul Schraderren lanik onena. Schrader Taxi Driver eta Raging Bull-en gidoien egilea delako da ezaguna, baina argi dago obra hagitz interesgarria gauzatu duela zuzendari gisa; konplexua eta kontraesanezkoa. Schraderrek ez zuen pelikula bakar bat bera ere ikusi 18 urte bete zituen arte. Orduan, bere iraganarekin hautsi, eta zinema ikasteari ekin zion. Nederlandar jatorrikoa izanik, bere familia kalbinista zuen, eta, hortaz, irudiak eduki zezakeen balioa ukatzen zuten. Eliza katolikoak herritarrei doktrina ezagutarazteko beharrezkotzat jotzen zituen irudiak; baina ez hori bakarrik, mirariak gauzatzeko eta gurtzarako ere garrantzitsuak ziren. Gregorio Handia aita santuaren arabera, liburuak irakurtzen ez zekitenek hormak irakur zitzaketen. Gainera, zenbait irudiri otoitz eginez gero, San Petri elizako Veronikari, esaterako, bekatariak induljentzia ez-osoak lor zitzakeen purgatorioko egonaldia arinagoa izan zedin. Kristauek erromesaldi luzeak egiten zituzten irudi jakin bati mesedeak eskatu ahal izateko. Irudiek herritarren bizitza erlijiosoan zuten garrantzia areagotuz joan zen Erdi Aroaren amaieran, eta, inprentari esker, norbera Ama Birjinaren edo santuren baten irudiaren jabe bilakatu zitekeen. Erreformaren ostean, ikonoklasten erasoak hedatu egin ziren; eremu kalbinistetan irudien ukapena erabatekoa zen. Kalbinen jarraitzaileentzat hitzaren bidez soilik transmititu zitekeen Jainkoaren mezua. Irudien gurtza idolatria hutsa kontsideratzen zuten, irudia gurtuz gero ideologia ahazteko arriskua zegoela pentsatzen baitzuten. Erreformak irudiaren kulturan krisia eragin zuen, baina horrek ez du esan nahi irudi sakratuen presentzia desagertu zenik. Schraderren aburuz, ideiak helarazteko baliagarriak dira irudiak, are gehiago pantailez josita bizi garen garai honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu