Hitzik esan gabe ere, batzuetan, orroak eta auhenak nahikoa izaten dira kantua memoriaren azken zokoetaraino iristeko, Mikel Laboaren Gernika-n bezala. Zirraragarriak egin zaizkit haren gainean Audience-k egindako moldaketa eta bideoa, ez ahaztekoak. Inoiz ez bezain hurbil sentitu dut taldea. Ondoren, Gaizka Isunza taldekideari irratian entzun diot, Amerikanuak filmeko musika egiteak euskalduntasunera berriz gerturatu duela taldea. Poztu naiz, eta are gehiago poztuko naiz horrek aurrerantzean ingelesa baztertu eta euskaraz abestea ekartzenbadu, eurek sortutakoak nahiz beste inori hartutakoak izan hitzak.
Gogoan iltzatuak du behin-behineko izenburu dagoeneko hasi ez badira laster filmatzeari ekingo dioten dokumental batek. Euskal kantagintza modernoan hitzak musikarekin izan duen lotura jaso nahi dute egileek, eta, bereziki, kantuen bidez osatutako euskaldunon iruditerian poesiak izan duen garrantziaz hausnartu. Lehengairik ez dute faltan izango. Ez dakit ba ote dagoen idazleen testuak musikatzera —izan poema liburuetan agertutako aleak, izan beren-beregi kanturako idazteko eskatutakoak— kantariek horren maiz jotzen duten beste herrialderik. www.badok.info atarian, 50etik gorakoa da idazle musikatuen zerrenda 2000. urtera arte argitaratutako diskoetan. Baina gaurdaino irauten du, Ez Dok Amairuren sorreratik, musika eta poesiaren arteko harreman estu eta emankorrak, zeinak obra monografikoak ere ekarri dituen; ez nolanahikoak, gainera: Oskorriren Gabriel Arestiren oroimenez (1976), Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora (Bernardo Atxagaren olerkiz egindako diskoa, 1980koa) eta Bide Ertzean-en Zure minari (Jose Luis Otamendiren poemekin, 1999koa) garaian garaiko mugarri lanak izan direla esango nuke.
Ez, poetak aldarrikatzea ez da Loquillok asmatu duen zerbait, ezta derrigor kantautore engaiatuaren edota rockaren garai errebeldeak atzean utzi eta heldutasun aroan murgildutako bakarlariaren arketipoari soilik dagokion zeregina ere… Gurean ez, bederen. Bertute ala gabezia izan, naturalago bizi dugu. Pop, punk, folk, metal, jazz diskoetan aurkitu ditzakegu poema edo bertso musikatuak. Joera agian gehiegizko horren atzean egon litezkeen arrazoiak ondo baino hobeto jaso zituen Gorka Erostarbek Notak hitzen peskizan erreportajean (2010eko apirilaren 4ko BERRIAn), baina ebidentzia ukaezina da poesia-musika edota idazle-kantariaren arteko ezkontze horretatik sortu direla denok gogoratzen ditugun abesti asko eta asko. Berehala dator burura galdera bat, eztabaida interesgarri baterako ate joka: zerk egin ditu kantuok gogoangarri, hitzak ala doinuak?
Diskoetara mugatu barik, poesiaren eta musikaren arteko elkarlanak maiz hartu du aterpe agertokian ikuskizun formatuarekin. Adibide bakarra ekarriko dut hona, laster berriz ere albiste izango baita. Izan ere, 25 urte joan dira Atxagak, Ordorikak eta Joxemari Iturraldek Henry Bengoa Inventarium lehenengoz taularatu zutenetik, eta urtemugaren aitzakian Hendaiako Mugati kultur elkarteak emanaldi bat antolatu du, maiatzaren 31rako, Varietes aretoan. Aldaketa batekin: Atxaga eta Iturralderekin batera Xabi Strubell ariko da (Dut, Zura), Ordorikaren ordez.
Orain arte izandakoetatik oso bestelakoa da literaturak eta musikak bat egiteko Iban Zalduak aukeratu duen bidea. Ezagun da musikazale handia dela idazlea, literaturazale bezainbat, esango nuke, eta bereziki pop britainiarra maite duela, 60ko hamarkadakotik gaur egunekora arte. Horren isla da Biodiskografiak (Erein, 2011), 39 diskotatik abiaturik idatzitako beste horrenbeste ipuinez osaturiko liburua, edozein irakurlek gozatzeko moduko literatur lana ez ezik, nazioarteko pop kulturaren euskarazko dibulgazio tresna ere badena —hainbat disko ezagutzeko edo berriz entzuteko akuilu dira ipuinok—. Baina Zaldua ez da liburua idaztearekin konformatu, zuzenekora ere eramaten ari da Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez musikarien laguntzaz, eta harrera aparta jasotzen ari dira iazko uztailean hasi zirenetik. Joan den astean hiru saio eskaini zituzten, eta etzi Basaurin izango dira.
Egitura sinplea du saioak: ipuin bat irakurtzen du Zalduak (edo haren «ni narratzaileak»), eta, segidan, Montoiak eta Rodriguezek ipuinarekin loturiko diskoko kantu bat jotzen dute. Gaur zortzi, Donostian, sei ipuin —liburuko lau eta bi argitaragabe— eta zortzi kantu tartekatu zituzten, horien artean The Beatles, The Smiths, k.d. Lang, Elvis Costello eta Richard Hawleyrenak. Saiotik saiora errepertorioan aldaketak sartzen dituztenez, Nick Drakerena entzun gabe geratu nintzen. Ideia erakargarria da, eta taularatzea soila baina egokia. Ipuinak ez dira luzeak, Zalduak asmatzen du irakurraldiari erritmo doia ematen, eta kantuen moldaketak txukunak dira. Entzuleak, nahi badu, jolaserako aukera ederra du kantua istorioan txertatzen, kantu horrek norberari iradokitakoarekin alderatzen, hitzetan egon litezkeen keinu edo loturak antzematen...
Ilaran
Iltzatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu