Udaberrian hasitako ibilbide luzeak neurriko amaiera izan du finalarekin: amaiera hunkigarria bezain ederra, inondik ere. Beñat Gaztelumendi zen faborito nagusietako bat, txapeldun ez ezik aurreko hiru txapelketetan buruz burukoan kantatutakoa baitzen. Eskarmentua garrantzitsua izan ohi da halakoetan, eta añorgarrak ez zuen hutsik egin. Saio oso erregularra josi zuen. Bertsotan egiteko makina koipeztatu perfektu bat da Beñat, akats teknikorik egiten ez duena. Besterik da bertsoaldi guztietan bete-betean asmatzea. Finalean, bakarkako lanetan atera zuen koska, modu izugarri sinesgarrian kantatu baitzuen, beretik. Bistakoa da orain hamabi urte erdi ustekabean bere burua buruz burukoan ikusi zuen txahal haren eta oraingo Beñat Gaztelumendiren artean dagoen aldea. Lanketa latza dago atzean, bere burua berrasmatzen egindako ahalegin alimalekoa. Emaitza, txapela.
Agin Laburu eta Alaia Martinen artean berdinketa teknikoa egon zen zortzi bertsolariek egin beharreko saio puntuagarria amaitutakoan. Laburu izan zen Gaztelumendirekin batera azken txanpan kantuan aritu zena, bere estilo propioari izkin egin gabe une oro. Buruz burukoan baino, lehenagoko bertsoaldietan izan zuen agian dirdira handiagoa, bidean punturen batzuk galdu bazituen ere, akats teknikoren bat tarteko (nora iritsiko zen bestela?). Txapelketako saioak plazako saio arruntekin alderatuz zurrun xamarrak direla kontuan hartuz, ordainezina da Labururen freskotasuna.
Puntu bakarra Laburu eta Alaiaren artean buruz burukorako lehian. Martinek ez zuen bertso bakar bat bera ere alferrik galdu; zuen guztia eman zuen, bakarkako ikaragarria osatu, eta oso hurbil izan zuen saria. Gozamena izan zen oiartzuarra bere mailarik onenean kantuan entzutea. Pozez zoratzen egongo zen atzo Nerea Elustondo ere, laugarren sailkatua. Bakarkako lanean aukeratu zuen doinuak nahastu eta buruz burukora sailkatzeko aukerak ihes eginagatik, bere maila agerian utzi zuen, ofizioetan batez ere. Bertsolari handia da Elustondo, eta hori berretsi zuen atzo Illunben. Oihana Iguaranek ere eman zuen beretik, uneren batean lotu xamarrik sumatu bagenuen ere. Koska txiki bat falta izan zitzaion bere bigarren finalean, pauso bat aurrera eman eta helburu handiagoei begietara begiratzeko. Ane Labakarentzat gozoa izan zen lehen final handia, eta datozen urteetan asko eman dezakeela iradoki du bere bertsoekin txapelketa honetan. Beñat Lizasok «bere egun handi» gisara bataiatu zuen atzokoa, baina ez da baztertzekoa txapelketa honetan eman duen maila eman eta gero halako egun gehiago bizi izatea azpeitiarrak. Plaza handia zen harentzat, baita Labaka eta Elustondorentzat ere, eta espero izatekoa zen gutxieneko mailatik dezente gorago jardun ziren bertsotan hirurak ere. Beteranoa izan zen azkena sailkapenean, baina nori axola dio horrek? Jon Maiaren presentzia hutsak puntutan neurtzea zaila den beste zerbait eman baitzion, izan ere, finalari: belaunaldien arteko lotura eta kohesioa.
Bide luzea izan du txapelketak; bertso saio asko eta bertsoaldi on ugari pilatu ditu udaberrian hasi eta atzoko finalera arte. Antolakuntza taldea pozik egoteko moduan dela esan daiteke, Gipuzkoako bertsolaritzaren egoeraren eskaparate bikaina izan baita hilabete hauetan guztietan txapelketa. Illunbeko final jendetsuak oihartzun berezia izatea normala da, baina finala baino askoz gehiago izan da txapelketa. Zorionak denoi!